2008/04/24
Aitzol Aramaio zinemagileak (Ondarroa, 1971) bihar aurkeztuko du Getxon Un poco de chocolate izeneko lehen film luzea. 2002an Espainiako Literatura Saria irabazi zuen Unai Elorriagaren SPrako tranbia eleberrian oinarritutako pelikula da. Zuzendariaren hitzetan, filma "oso indartsua" da eta "Unai ere hitz egin ezinda geratu zen aurrenekoz ikusi zuenean".
Algortan, Gorlizen eta Bilbo inguruan filmatu duten pelikulak Lucas izeneko 80 urteko agurearen (Hector Alterio) istorioa kontatzen du. Lucasek oroitzapenak eta errealitatea nahasten ditu eta Shisha Pangmaren (SP) gailurrera igotzearekin egiten du amets. Halako batean, Marcos (Daniel Brühl) ezagutuko du. Julieta Serrano, Ramon Barea, Marian Aguilera, Barbara Goenaga, Mikel Albisu eta Gorka Otxoa dira filmeko gainerako aktoreak.
Aitzol Aramaiok berak eta Michel Gaztambidek idatzi dute Un poco de chocolate pelikularen gidoia. Zuzendariaren hitzetan, "bizitza ez da ona ala txarra, bizitzaren aurrean hartzen dugun jarrera da benetan ardura duena", eta horixe erakustea du xede filmak.
Unai Elorriagak azaldutakoaren arabera, estreinaldi ofizialaren (Madrilen, apirilaren 29an) aurretik pelikula Getxo Antzokian proiektatzea Aitzol Aramaioren nahietako bat da; izan ere, Portu Zaharreko bizilagunek filma inork baino lehen ikustea nahi zuen zuzendariak, bertan gertatzen baitira bai pelikulako, baita honek oinarritzat duen nobelako ekintza gehienak.
Getxoko proiekzio bereziaren, eta Madrilen hilaren 29an egingo den estreinaldi ofizialaren ostean, Un poco de chocolate apirilaren 30ean iritsiko da gure zinema-aretoetara.
Euskadi Irratiko azken albistegia