2007/11/21
Fernando Fernan-Gomez aktore, zinemagile eta idazlea zendu egin da gaur Madrilgo La Paz Ospitalean, 86 urte zituela, arnas eta bihotz gutxiegitasun batek jota. Ia hilabete eman du bertan ospitaleratuta.
Hil kapera España antzokian jarriko dute bihar.
Aktore bezala ia 200 pelikula egin ditu Fernan-Gomezek, eta hogei baino gehiago zuzendu. Gainera, hainbat golardo jaso ditu, Donostia Saria (2000) eta Arteen Asturiasko Printze Saria (1995), kasu. Espainiako zinemagintzan handienetakoa izan da, eta inork baino Goya sari gehiago ditu: zazpi.
1921eko abuztuaren 28an jaio zen, Liman (Peru), bere ama, Carola Fernan-Gomez aktorea, bira egiten ari zelako herrialde hartan. Buenos Airesko kontsulatuan erroldatu zuten eta, hori dela eta, 1970 arte argentinar hiritartasuna izan zuen. Urte hartan espainiar nazionalizatu zen.
Bere filmografia askotarikoa da: "Boton de ancla", "El inquilino", "La venganza de Don Mendo", "Ninette y un señor de Murcia", "El espiritu de la colmena", "Mama cumple cien años", "La colmena", "Esquilache", "Belle Epoque", "El abuelo", "Todo sobre mi madre", "La lengua de las mariposas" eta "Tiovivo c. 1950", adibidez.
Idazle ibilbidea 1961ean hasi zuen, "El vendedor de naranjas" eleberriarekin. Baina liburuak ez ezik, antzezlanak ("Las bicicletas son para el verano"), olerkiak ("El canto es vuelo"), kontakizun bildumak ("La escena, la calle y las nubes") eta autobiografia bat ("El tiempo amarillo: memorias") ere idatzi ditu.
"Ez dago Fernando Fernan-Gomezek utzitako hutsunea betetzerik duen pertsonarik. Bere itzala erraldoia da", adierazi du Angeles Gonzalez Sinde Espainiako Arteen eta Zinema Zientzien Akademiako presidenteak.
Gerardo Vera Espainiako Antzezpen Zentroaren zuzendariaren iritziz, artista handiari egin dakiokeen omenaldirik onena "Viaje a ninguna parte" filmean egin zuen antzezpenaz berriro ere gozatzea da.
Euskadi Irratiko azken albistegia