2007/10/23
Bayer enpresak kaleraturiko inkesta baten arabera, antikontzeptiboen erabilera gero eta hedatuagoa dago Estatuan. Zehazki, emakumeen %80k erabiltzen dituzte haurdun ez geratzeko metodoak. EAEko eta Nafarroako kasuan, zifrak altuagoak dira, hamar emakumetik bederatzik hartzen dituelako neurri antikontzeptiboak.
Ikerketak erakusten duen moduan, adinaren arabera aldea dago antisorgailuen erabileran. Hala, 15 eta 19 urte arteko gazteak dira haurdunaldiak ekiditeko antikontzeptibo gutxien erabiltzen dituztenak. Horrez gain, 45 urtetik gorako emakumeetan ere jaitsi egiten da neurri antikontzeptiboen erabilera.
Antikontzeptiboen artean erabilienetarikoak preserbatiboa eta pilula dira eta, kasu bietan, metodo hauek igo egin dira aurreko urteetako datuen arabera. Alabaina, inkestak ezagutarazi duenez, basektomia eta tronpen lotura bezalako neurri kirurgikoen erabilera jaitsi egin da.
Bayer enpresak egindako ikerketak erakusten duenez, 15 eta 25 urte arteko emakumeen artean preserbatiboa da neurririk erabiliena. Geroago, 40 urte bete arte nagusiki pilula erabiltzen dute. Hortik aurrera, emakumeek DIUa eta neurri kirurgikoak nahiago dituzte.
Euskadi Irratiko azken albistegia