SICCO & SICCO ETA FARMTASTIC

Eiken Euskadiko Ikus-entzunezko Klusterreko enpresa bi Cartoon Forumen

2006/05/25

Estatu osotik, hiru euskal produkziok baino ez dute parte hartuko telebistako animazio serieei buruzko foro garrantzitsu honetan, irailean, Pauen (Frantzia).

Eiken Euskadiko Ikus-entzunezko Klusterreko kide diren euskal enpresa biren produkzioak aukeratuak izan dira telebistako animazio serieei buruzko foro ospetsuan parte hartzeko. Aurten, Frantziako Paue hirian egingo da foroa, irailaren 20aren eta 23aren artean.

Pausoka Productions S.L. enpresaren Sicco & Sicco eta Dibulitoon Sudio S.L. enpresaren Farmtastic izango dira, Rec-estudio konpainia euskaldunaren "Friends & Chip" lanarekin batera, Estatu osoko ordezkari bakarrak. Cartoon Forum jardunaldiak antolatzen dituen Europako Animazio Elkarteak proiektu horiek aukeratu ditu, aurkeztutako ehunka proiekturen artean.

"Animazioko serieen koprodukziorako foroa da, finantzaketa bilatzeko fororik garrantzitsuena", azaldu zuen Eiken Basque Audiovisual taldeko zuzendari nagusia den Itziar Menak. Gainera, adierazi zuen proiektu hauen aukeraketak argi uzten duela "Euskadin egiten diren animazioko produkzioak kalitate bikainekoak direla, industria zaila izan arren, proiektuak garatzeak dituen kostu handiengatik eta finantzatzeko daukan zailtasunagatik".

Beste alde batetik, produkzio enpresek ere oso modu positiboan baloratu dute euren lanak jardunaldian sartu izana. "Guretzat oso garrantzitsua da, produkziorako behar diren 4 milioi euro bilatu nahian ari garelako eta han Europako telebistako programatzaile guztiak egongo direlako", adierazi zuen Pausoka Productions enpresako zuzendari komertziala den Salvador Rodríguezek. "Alde batetik, konturatzen zara produktu ona duzula, baina, gainera, aukera handia da produktu hori Europa osoko telebista, koproduktore eta banatzaileen aurrean", adierazi zuen Dibulitoon enpresako zuzendaria den Ricardo Ramónek.

SICCO & SICCO

Eta imajinazioak boterea izango balu zure beldurrak bertan behera uzteko? Hori da 11 minutuko 52 ataleko eta 4 eta 8 urte bitarteko umeei zuzendutako animazio serie honen bitartez garatzen den ideia nagusia. Protagonista, SICCO izeneko umea, beste edozein modukoa izan zitekeen, baina berezitasun bi ditu: beldurtia da eta sekulako imajinazioa dauka. Modu horretan, abentura harrigarriak biziko ditu, eta beti ikasiko du zerbait abentura horietatik. www.pausoka.com


FARMTASTIC

Baserriko bizitza ez da uste bezain lasaia. Abeltegi dibertigarri batean, animalia xelebre batzuk bizi dira. Umorezko serie honek granjako bizilagunen abenturak eta kalenturak erakusten ditu: hortxe daude oilar harro eta kantaria, azeri ahul baina bizkorra, txerri txantxazalea, ardurarik gabe bizi den ardi kurtsia, eta, zelan ez, txakur fidela, gatazkak baretzen dituena eta baserritarrari behar-beharrezko laguntza ematen diona. Baserritarrak neurririk zorrotzenak hartu beharko ditu, abeltegian berriro lasaitasuna nagusitu dadin. www.dibulitoon.com

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta