HAUTESKUNDEAK EHU-N

Perezek ez du errektore izateko nahikoa boto lortu

2008/05/23

Juan Ignacio Perez errektoretzarako hautagai bakarra zen baina kontrako %54 boto jaso ditu. 30 egunen buruan hauteskundeak deitu beharko dituzte berriro eta bitartean, errektore taldeak jarraituko du lanean.
Jose Antonio Perez Iglesias, botoa ematen. Argazkia: EFE

argazkia handitu

Jose Antonio Perez Iglesias, botoa ematen. Argazkia: EFE

Juan Ignacio Perez Euskal Herriko Unibertsitateko egungo errektoreak ez du berriro kargua hartuko. Atzo egin zituzten hauteskundeak errektorea hautatzeko eta Perezek ez zuen behar besteko babesa jaso.

Perez zen errektoretzarako hauteskundeetako hautagai bakarra, baina boto gehiago jaso ditu kontra alde baino. Boto-emaileen %54k egungo errektorearen kontrako botoa eman du, hori dela eta, ez da berriro EHUko errektorea izango.

Dena den, jarduneko errektorea izango da abenduan hauteskundeak egiten dituzten arte. Izan ere, EHUko araudiaren arabera, 30 egunen buruan hauteskundeak deitu behar dira berriro eta bitartean, errektore taldeak jarraituko du lan horretan. Perez Iglesias ez da berriro kargurako aurkeztuko, emaitzak ikusita.

"Parte-hartzea, ikasleen kasua kenduta, oso altua izan dela kontuan izanda, emaitza horiek argi erakusten dute unibertsitateko komunitatea ez dagoela konforme lau urteotan egin dugun lanarekin eta datozen lau urteetarako aurreikusita genuen proiektuarekin eta argi eta garbi azaldu du iritzia", esan du Perez Iglesiasek.

Orokorrean, lasaitasuna izan zen nagusi 10:00etatik 19:00etara. Salbuespena Leioako Campusa izan zen. Bertan, manifestazioa egiten saiatu ziren 50 ikasle inguru. Bolonia prozesuaren kontrako eta EHU "española" eta "faxista" dela zioten pankartak zituzten ikasleek.

Ertzaintzak berehala eten zuen manifestazioa eta zenbait gazte identifikatu ostean, desegin egin zen protesta.

Parte hartzea

Unibertsitatean lan egiten duten doktoreena izan da parte hartze handiena, %82,06koa, hain zuzen. Beste aldean, ikasleen parte-hartze txikia aipatu behar da, izan ere, %3k soilik parte hartu dute bozketan.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta