ATXILOKETAK BORDELEN

Bordelen atxilotutako lau lagunen soslaiak

2008/05/21

Javier Lopez Peña Thierry, Ainhoa Ozaeta, Jon Salaberria eta Igor Suberbiola bilera batean zeudela atxilotu dituzte. Operazioa Frantziako Poliziak eta Guardia Zibilak koordinatu dute.
Atxilotutako ETAko lau ustezko kideak: López Peña, Ainhoa Ozaeta, Igor Suberbiola eta Jon Salabarria. Argazkia: EiTB

argazkia handitu

Atxilotutako ETAko lau ustezko kideak: López Peña, Ainhoa Ozaeta, Igor Suberbiola eta Jon Salabarria. Argazkia: EiTB

Frantziako Poliziak eta Guardia Zibilak ETAko lau ustezko kide atxilotu ditu bart Bordelen, Frantziako Estatuko hegoaldean, erakunde armatuaren talde politikoaren aurka eginiko operazioan.

Atxilotutako lagunak Javier Lopez Peña, Ainhoa Ozaeta, Jon Salaberria eta Igor Suberbiola dira eta albiste agentziek terrorismoaren aurkako iturriak aipatuta adierazi dutenez, bilera bat egiten ari ziren atxiloketak gertatu direnean.

Javier Lopez Peña, Thierry (Galdakao, 1958), ETAren arlo politikoko buruzagi nagusitzat dute Espainiako Estatuko Segurtasun Indarrek.

Hainbat hedabidek kaleratu dutenez, Lopez Peñak Gobernuaren eta erakunde armatuaren arteko azken elkarrizketetan parte hartu zuen.

Ainhoa Ozaeta (Andoain, 1974) ETAk su etena aldarrikatu zuenean, 2006ko martxoaren 22an, agiria irakurri zuen militantea da, Poliziako adituen ustez.

Ozaeta zinegotzia izan zen Andoaingo Udalean eta Batasuneko zuzendaritzako kidea izan zen.

Jon Salaberria (Donostia, 1969) Jarraiko zuzendaritzan egon zen eta 1998an EAEn eginiko hauteskunde autonomikoetan legebiltzarkide hautatu zuten Euskal Herritarrok taldeagatik.

2005eko maiatzaren 2005ean Auzitegi Nazionalak atxilotzeko agindua eman zuen, deklaratzera deitu eta agertu ez zelako.

Salaberria Batasunaren eta ETAren arteko ustezko lotura eta erakunde armatuaren finantzazioa herriko tabernekin lotura duen ikertzen duen 35/02 sumarioan auzipetuta zegoen. Ordutik ihesean zebiltzan.

Igor Suberbiola (Donostia, 1979) Jarrai eta Haika gazte erakundeetako buruzagia izan zen ETAren talde politikoko kidea izan aurretik. Kartzelan egon zen urtebetez Haikaren aurkako auziagatik.

Auzitegi Nazionalak 14 urteko espetxe zigorra ezarri zion Jarrai-Haika-Segi auziaren harira baina atxilotzera joatean ez zuten etxean aurkitu.

Ihesean zegoen 2002. urtetik.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta