2008/05/20
Barack Obamak eta Hillary Clintonek lehia eguna dute gaur berriro Kentuckyn eta Oregonen.
Alderdi Demokrataren presidentegaia izateko prozesua amaitzear dago (ekainaren 3an hain zuzen ere), eta Obamak dena alde du abuztuko Konbentzio Demokratan Etxe Zurirako hautagai izendatua izateko.
Gaurko bozketa egunari begira, Obama Oregonen da faborito, eta lehen dama ohia, aldiz, Kentuckyn.
Ordezkariak
Oregonen irabaziz gero, bere nagusigoa errotu egingo lukeela uste du Illinoisko senatariak. Estatu hori oso progresista da, eta errepublikanoak gutxiengoan daude.
Oregonek 52 ordezkari bidaliko ditu abuztuko Konbentziora, eta Obamak beste 17 baino ez ditu behar ordezkari gehienak bere alde edukitzeko. Nolanahi den ere, ez ditu lortuko automatikoki hautagai izateko behar diren 2.025ak.
Horretarako "superordezkari" gehiago behar ditu. 200 baino gehiago oraindik ez dira bata edo bestearen alde agertu, baina Obamak esan du herritarren borondatea errespetatu egin beharko dutela.
Clintonek ez du amore eman nahi
Bien bitartean, borroka irabazitzat ez jotzeko ohartarazi dio Hillary Clintonek Obamari.
Gainera, AEBetako lehen dama ohiak gogorarazi du Obamak ez duela gaur lortuko azken garaipena.