2008/05/16
Lehiaketaren XIV. edizio honen garailea panpina bat benetako emakumea izango balitz bezala hartzen duen gizonezko baten eta panpinaren arteko maitasun istorioa kontatzen duen komedia dramatiko bat da. Zintak hainbat sari eskuratu ditu nazioarteko zenbait zinema jaialditan, eta Urrezko Globoetarako ere izendatu zuten.
Pelikularen gidoia A dos metros bajo tierra telesailagatik ezaguna den Nancy Oliverrek idatzitakoa da, eta Oscar sarien azken edizioan gidoi onenen atalean izendatuta egon zen.
Bilboko jaialdiaren epaimahaiak filmaren "originaltasuna" nabarmendu du, ezinezkoa den istorio bat sinesgarri egiten baitu; gainera, pelikularen kalitatea eta aktoreen lan bikaina ere goraipatu du epaimahaiak.
Zinemaldiaren itxiera ekitaldia gaur arratsaldean ospatuko dute, eta bertan, Film Onenaren Sariaz gain, Fantrobia saria (Fernando Velazquez musikari getxotarrari) eta Nontzeflash eta Nontzefilm golardoak ere emango dituzte.
Sari banaketaren ostean, Nontzeflash eta Nontzefilm lehiaketetako film labur onenak ikusteko aukera izango da, baita Lars y una chica de verdad, aurtengo garailea ere.