2008/05/16
Hu Jintao Txinako presidentea asteleheneko lurrikarak gehien astindutako eskualdean dago, eta "neketsutzat" eta "premiazkotzat" jo du erreskate taldeen lana, gero eta aukera gutxiago dagoelako hondakinen artean harrapatutako jendea bizirik aurkitzeko.
"Erronka etsigarria da oraindik, lana neketsua da, eta epeak, premiazkoak", esan dio Huk Xinhua albiste agentziari, Sichuaneko probintziara egindako bidaian. Herrialdeko hego-mendebaldean dago Sichuan, eta han egon zen lurrikararen epizentroa.
Dena dela, Txinako presidenteak esan duenez, "atsedenik gabe lanean jarraituko dugu norbait bizirik ateratzeko itxaropena dagoen bitartean".
Lurrikara izan eta lau egunera heldu da Hu eskualde horretara, eta hondakinetan harrapatuak erreskatatzeko erabakigarritzat jo ohi diren 72 orduen ostean. Sichuanen bakarrik, ostegunean 12.323 ziren harrapatuta gelditu direnak.
Lan neketsua
Mianyang lurrikarak gehien astindutakoen arteko hirira helduta, hainbat egunez ahaleginak egin ostean erreskate-lanak neketsuak direla eta era "kementsuan, txukunean eta eraginkorrean" ari direla aurrera eramaten adierazi du.
Azken datu ofizialen arabera, lurrikarak Sichuanen hildakoak 21.500 dira, baina agintariak 50.000ra hel daitezkeelakoan daude. Horrez gain, 14.000 lagun baino gehiago hondakinen artean harrapatuta daude.
96 beranduago, hiru lagun bizirik
Hala ere, 96 ordu beranduago bizirik dagoen jendea agertzen ari da oraindik, eta erreskate taldeek hiru lagun atera dituzte gaur hondakinen artetik.
Adibidez, erizain bat atera dute lan egiten zuen klinikako hondakinen artetik, 96 ordu harrapatuta igaro ostean. Halaber, lagun bi gehiago erreskatatu dituzte epe bera hondakinen azpian egon ostean.
Hamarna milaka pertsonak, ordea, hondakinen artean harrapatuta jarraitzen dute.
Bitartean, nazioarteko laguntza pixkanaka heltzen ari da, laguntza taldeek mota guztietako materiala behar duten arren.