2008/05/15
Ehun lagun inguru hil dira gaur Lagosen (Nigeria) erregaia banatzeko hodietako batek eztanda egin duenean, Gurutze Gorriko iturriek jakitera eman dutenez.
Hiriaren kanpoaldean dagoen Ijegun auzoan gertatu da ezbeharra, errepidea zabaltzeko lanetan zebilen hondeamakina batek hodia jo eta sutea piztu duen leherketa eragin duenean.
Zaurituak 20 inguru dira, horietako batzuk larri daudelarik, Suleman Maikubi Gurutze Gorriaren koordinatzaileak azaldu duenez.
Erreskate taldeetako iturriek adierazi dute 15 etxebizitza ingurutara iritsi dira garrak.
Leherketa gertatu den tokitik gertu eskola bat dago, eta ikasleen egoerak kezka handia sortu du herritarren artean.
Ez da lehenengo aldia
Nigeriako erregai-hodietan izan diren istripuak hamaika dira.
Baina gaurkoa desberdina izan da, zeren aurrekoak erregaia lapurtzeko hodiak moztu zituztenek eragin baitzituzten.
Iragan abenduaren 25ean izan zen azkena, Ikaten, Lagos kanpoaldean. Orduan 42 izan ziren hildakoak.
2006an, antzerako bi istriputan, 350 lagun zendu ziren Lagosen bertan eta Atlas Coveko portuan.
Dena den, 1998koa izan zen larriena. Jesse hiriko hodi batek eztanda egin zuen eta mila pertsona inguru hil ziren.