BENICASSIMEKO JAIALDIA

FIBek 45.000 pertsona erakartzea espero du

2008/05/15

Morrisey, Leonard Cohen, Enrique Morente, Siouxsie, My Morning Jacket, Death Cab For Cutie eta Tricky bezalako artistak izango dira jaialdiaren 14. edizio honetan.

Uztailaren 17tik 20ra egingo da, eta Leonard Cohen izango da bertako izarra

Benicassimeko Nazioarteko Jaialdiak (FIB) 45.000 pertsona biltzea aurreikusten du kontzertuen gunea eta kanpatzeko zona handiagotu ostean. Gainera, Madrilen aldi berean egiten duten ikuskizuna bi gauekoa izatea aztertzen dabiltza, lehiakortasuna areagotu egin delako.

Nazioarte mailan sona gehien duen Espainiako Estatuko musika jaialdiaren hamalaugarren ediziorako antolatzaileek hamar milioi inguruko aurrekontua dute, eta salmentan jarriko dituzten hiru eguneko 40.000 abonamenduetatik dagoeneko 28.000 saldu dituzte.

2008ko kartelaren buru, besteak beste, honako talde hauek izango dira: Leonard Cohen, Morrissey, My Bloody Valentine, Enrique Morente, Siouxsie, Tricky, My Morning Jacket, Death Cab for Cutie eta Sigur Ros. Hala ere, uztailaren 17tik 20ra bitartean egingo den jaialdian, beste hainbat talde, musikari eta disc-jockey entzuteko parada izango da lau agertokitan zehar.

Azken 40 urteetan musikaren bilakaeran parte hartu dutenei jaialdiak egiten dien gorazarrean Leonard Cohen omenduko dute aurten. Abeslari kanadarrak Espainiako Estatuan emango duen kontzertu bakarra izango da Benicassimekoa.

Kontzertuen jardunaldiei dagokienez, uztailaren 20koa (igandea) izango da indartsuena, egun horretan Leonard Cohen, Morrissey, Morente, Lagartija Nick, Siouxsie eta Justice bilduko baitira. Lehendabiziko egunean (osteguna 17), berriz, Sigur Ros, Nada Surf, Battles eta The Futureheads taldeak arituko dira.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta