2008/05/15
Ostiralean kontzertua emango du Getxo Antzokian, 20:00etatik aurrera, bere ibilbideko kanta ezagunenak biltzen dituen diskoa aurkezteko.
Mikel Markez Errenteriako kantautoreak Zure begiek, bilduma 1988-2008, bere ibilbideko abesti ospetsuenetakoak jasotzen dituen lana, aurkeztuko du ostiral honetan, Getxo Antzokian. Kontzertua 20:00etatik aurrera izango da eta bertan Pello Ramirez (biolontxeloa eta akordeoia) eta Joseba Loinaz (teklatuak eta ahotsa) musikariekin batera arituko da Mikel Markez.
"Zure begiek" Markezen kantu ezagunenetakoak eman dio izena Elkar diskoetxeak argitaratu duen bildumari. 1988an bere jarduera hasi zuenetik kaleratutako abesti onenak bildu ditu lan berrian.
Hain zuzen ere, "Zure begiek" abestiarekin hasten da diskoa, harizko instrumentuen laguntzaz hobetu dutena. Horrez gain, beste zenbait kantu sartu dira, jatorrizko bertsioan eta masterizatuak, horien artean "Zertarako mugak jarri", "Gizartearen eraikuntza" eta "Imajinatzen zaitut". Horiekin batera, Markezek aurreko diskoetako beste konposizio batzuk berriro grabatu ditu.
15 urte zituela ekin zion Mikel Markezek musika jarduerari. Urtebete geroago, lehenengo kantak idazten hasi zen eta 1988ko udan kontzertuak ematen hasi zen. Hiru urte beranduago, estreinako diskoa kaleratu zuen: ...eta etorri egin zait....
Horien ondoren, Oroitzapenak oparitzen ditut (1993), Zertarako mugak jarri (1995), Kantu erotikoak (1997), Dena hankaz gora (1999), Tribuaren hitz galduak (1999) eta Erabil nazazu (2004) argitaratu zituen.