ZINEMA JAIALDIA

Gaur hasi da Canneseko LXI. Jaialdia Fernando Meirellesen film batekin

2008/05/14

Sean Penn epaimahaiko presidentea izango da eta guztira 20 filmek parte hartuko dute lehiaketan.
Dena prest Canneseko zinemaldia hasteko. Argazkia: EFE

argazkia handitu

Dena prest Canneseko zinemaldia hasteko. Argazkia: EFE

Cannes zinemaren hiria izango da gaurtik hasi eta maiatzaren 25era arte, izan ere, Zinema Jaialdiaren LXI. edizioa gaur hasiko da. Bertan, Hollywoodeko hainbat izar izango dira, besteak beste, Angelina Jolie, Robert de Niro edo epaimahaiko presidentea izango den Sean Penn.

Jose Saramago idazle portugaldarren Ensayos sobre la ceguera liburuan oinarrituta dago Fernando Meirelles brasildarrak zuzendutako Blindness. Izan ere, Meirellesen filma izango da Canneseko Zinema Jaialdiaren LXI. edizioa inauguratuko duen lana.

Clint Eastwooden The Changeling, Steven Soderberghen Che eta Wim Wendersen The Palermo shooting pelikulak ere Urrezko Palmondoa eskuratzeko nor baino nor arituko dira. Guztira, 20 film lehiatuko dira maiatzaren 14tik 25era ospatuko den festibal frantziarraren sari nagusia lortzeko.

Halaber, El silencio de Lorna Jean-Pierre eta Luc Dardenne belgikarren lanak, La mujer sin cabeza (Lucrecia Martel) eta Leonera (Pablo Trapero) film argentinarrek eta Linha de Passe (Walter Salles eta Daniela Thomas) brasildarrak hartuko dute parte sail ofizialean.

Bestalde, lehiaketatik at, Vicki Cristina Barcelona Woody Allenen azken pelikula (Javier Bardem, Penelope Cruz eta Scarlett Johansson aktoreek protagonizatutakoa) ikusi ahal izango da. Aurten, gainera, Indiana Jones y el Reino de la Calavera de Cristal Steven Spielbergek zuzendutako filma aurkeztuko dute.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Diego Armando Maradona Argentinako futbolari ohiari buruz Emir Kusturicak egindako dokumentalaren estreinaldia hartuko du jaialdiak.

Sean Penn aktorea izango da urte honetako epaimahaiko presidentea eta berarekin batera Natalie Portman, Alfonso Cuarón, Sergio Castellitto, Rachid Bouchareb, Alexandra Maria Lara eta Apichatpong Weerasethakul ere izango dira bertako kideak.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta