2008/05/14
Hillary Clintonek argi irabazi zuen Virginiako primarioetan Barack Obama faboritoa den arren. Hala ere, kanpaina berpizteko beranduegi dela diote estatistikek.
Clintonek hasiera-hasieratik espero zuen Estatu honetan garaipen zabala lortzea, izan ere, bertan boto-emaile gehienak zuriak dira eta langile klasekoak dira, hots, kanpaina osoan zehar bozka gehien eman dizkion jende multzoa.
Obama, baina, oso urrun dago luze jo duen kanpaina honetan, eta ia ezinezkoa litzateke Clintonek aurrea hartzea, izan ere, Mendebaldeko Virginian 28 delegatu baino ez daude jokoan.
New Yorkeko senatari eta lehen dama ohiak esan du amaierara arte lanean arituko dela gero eta aukera gutxiago, eta gero eta zor gehiago dituen arren (kanpainan zehar zor handiak egin ditu Clintonek).
“Ez nintzateke honetan arituko Virginiarako eta AEBetarako presidentarik onena naizela, eta udazkenean John McCainen aurka lehiatzeko hautagairik sendoena naizela usteko ez banu” esan zuen Clintonek Virginiako hitzaldi batean.
Zenbakiek ez dute hutsik egiten
MSNBCk egin duen zenbaketa baten arabera, Obamak 1.874 delegatu dauzka eta Clintonek, berriz, 1.702, hots, izendapena lortzeko behar diren 2.025 delegatuetatik urrun.
Hala ere, hautagaiek ezin dute irabazi superdelegatuen (edozien hautagairi babesa emateko aukera duten alderdiko 8oo kide) babesa jaso barik.
Obama superdelegatuen artean “lagunak egiten” ibili da azken asteotan eta atzo bertan beste lau gehitu zituen zerrendara; euren artean, Ray Nagin New Orleansko alkatea.
Orain, Clintonen aurrean alde handia dauka Obamak, izan ere, 250 baino gutxiago geratzen dira euren babesa nori emango dioten erabakitzeko.
Obamaren alde agertu den beste alderdikide baten ustez, Roy Romer Coloradoko senatari ohiaren ustez, alegia, ezinekoa da Clintonek Illinoisko senatariari aurrea hartzea.
“Matematikak kontrolpean daude”. “norgehiagoka hau amaitu egin dela uste dut”, adierazi zuen Romerrek.