ATENTATUA LEGUTION

Balza: "Zaila izango da ETAren azpiegitura desegitea"

2008/05/14

Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak adierazi duenez, ETAk "sarraskia egin nahi izan du". Lehergai kopuru handia erabili dutela esan du, baina ez du xehetasun gehiago eman.
Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroa eta Javier Balza Herrizaingo sailburua. Argazkia: EFE

argazkia handitu

Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroa eta Javier Balza Herrizaingo sailburua. Argazkia: EFE

Javier Balza Herrizaingo sailburuak nabarmendu du ETAk azpiegitura "kezkagarria" duela Euskadin, desegiteko "zaila" izango dena, Poliziak fitxatu gabeko "talde sendo" batek osatzen duelako.

Adierazpen hauek Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroarekin Espainiako Gobernuak Gasteizen duen ordezkaritzaren egoitzan bildu ostean egin ditu. Batzarrean, Legutianoko atentatua aztertu dute.

Balzak esan duenez, lehendabiziko ikerketak aintzat hartuta, Legutianoko erasoaren atzean Durangoko eta Calahorrako kuartelen kontrako atentatuak burutu zituzten pertsona berdinak egon daitezke.

"Agian gehiegi esatea da, baina ihes egiteko zona ikusita, horixe da hipotesi nagusiena", erantsi du. Horrez gain, atentatua egiteko modua Durangon eta Calahorran erabilitakoaren oso antzekoa dela zehaztu du.

Azpiegitura "sendoa"

Azken atentatuak aztertuta, Balzak esan du ETAk "azpiegitura sendoa" duela, liberatuei laguntza ematen diena eta "atentatu ugari egitea" ahalbidetzen duena.

Herrizaingo sailburuak azaldu du "kide askoko" talde bat baino gehiago, "legalez osatutako azpiegitura sendo" bat duela ETAk, "liberatuez eratutako talde txikiago bati" laguntza ematen diona. Gauzak horrela, ETAk Poliziak fitxatu gabeko kideak izateak ikerketa "zailtzen" duela adierazi du.

Legutioko atentatua burutzeko erabili den lehergai kopuruari dagokionez, Balzak ez du xehetasunik eman, horren ardura Guardia Zibilarena delako. Ertzaintza eta Guardia Zibila, bitartean, atentatuaren tokian nahiz Urkiolan atzemandako ibilgailuan aztarnak bilatzen ari dira.

Amaitzeko, Herrizaingo sailburuak azpimarratu du Espainiako Polizia, Guardia Zibila eta Ertzaintza elkarlanean ari direla ETAren kontrako borrokan.

Rubalcaba: "Sarraski bat egin nahi izan dute"

Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak adierazi duenez, ETAk "sarraski bat egin nahi zuen, baina huts egin du, lanean zegoen pertsona errugabe bat hiltzea lortu duen arren". Atentatua burutzeko lehergai kopurua dela eta, kantitate handia erabili dutela esan du, baina ez du zenbatekorik zehaztu.

Legutioko atentatua "oso mingarria eta maltzurra" dela iritzi dio. "Lehergai ugariz betetako bonba-auto bat 29 pertsona, tartean bost ume eta 18 urteko gazte bat, bizi diren kuartel baten kontra zartarazi baitute", gaineratu du.

Modus operandia-ri dagokionez, Durangoko Guardia Zibilaren kuartelaren aurka egindako atentatua bezala burutu dutela gaurkoa esan du Rubalcabak.

Lehergai kopurua

Bestalde, Javier Balzak eta Alfredo Perez Rubalcabak ez dute argitu Legutioko Guardia Zibilaren kuartelaren kontra zartarazitako bonba-furgonetak zenbat kilo lehergai zeramatzan. Alabaina, albiste-agentziek terrorismoaren kontrako borrokaren iturriak aipatuta zabaldu dutenez, 100 kilo lehergai baino gehiago zituen. Zenbait hedabideetan 300 kilo lehergai inguru zituela nabarmendu dute.

Estatuko segurtasunerako indarrak atentatua egiteko erabili duten lehergai mota zein den ikertzen ari dira. Aipatu iturrien arabera, erasoa burutzeko furgoneta (Citroen Berlingo) polizia-etxetik hamar bat metrora jarri dute.

Lehendabiziko ikerketek diotenez, joan den irailaren 2an Durangoko kuartelaren kontrako atentatuaren antzera burutu dute gaurko erasoa: polizia-etxera heldu dira, lehergaiz betetako ibilgailua utzi dute eta, bonba aktibatu ostean, beste auto batean (Peugot 306) ihes egin dute.

Ihes egiteko autoa, Urkiolan

Bestalde, Ertzaintzak auto susmagarri bat aurkitu du Urkiolan eta atentatua egin duten pertsonek ihes egiteko baliatu dutela uste du, Herrizaingo Sailak Europa Press albiste agentziari jakitera eman dionez.

Ibilgailua Peugot 306 bat da, BI-2122-BY matrikuladuna eta joan den apirilaren 14an Berangon lapurtutakoa. Autoa Urkiolako mendatean topatu dute, Abadiñoko udalerrian. Urkiolak Bizkaia eta Araba lotzen ditu, hots, Abadiño eta Legutio.

Ibilgailuak su hartzeko mekanismoa zuen, baina artezilariek indargabetu egin dute.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta