MUSIKA

'Kantu eta hitza' zikloak zazpi kontzertu eskainiko ditu Iruñan

2008/05/13

Patio de los Gigantes eszenatokian, besteak beste, Antton Valverde, Mikel Markez, Karelean eta Xarnege arituko dira.

Maiatzaren 15etik ekainaren 26ra bitartean, zazpi musika emanaldi eskainiko dituzte Patio de los Gigantes eszenatokian, Iruñan, 'Kantu eta hitza' zikloaren barruan. Folk, rock eta jazz doinuak eta egile musika entzuteko parada egongo da, 20:30etik aurrera ospatuko diren eta doako sarrera izango duten kontzertuetan.

40 urte baino gehiagoko ibilbidea egin duen Antton Valverdek 12 amodio kanta, Charles Bordes konpositore frantsesak XIX. mende amaieran jasotako 12 chansons amoureses du Pays Basque Française-n berrikuspena, aurkeztuko du ostegun honetan, hilak 15.

Maiatzaren 22an, erotismoa hizpide duten abesti erromantikoak eskainiko ditu Mikel Markez kantautoreak. Maiatzaren 29an, berriz, Maialen Errotabehere igoko da taula gainera, Askatasunen Ibaia disko akustikoa aurkezteko.

Xarnege Iparraldeko taldeak, bestalde, biolinak eta gaitak efektu desberdinekin nahasten dituzten abestiak interpretatuko ditu ekainaren 5ean. Handik zazpi egunetara, Andoni Tolosa kantautorea, Morau ezizenez ezaguna, Agotak taldearekin batera arituko da.

Ekainaren 19an, Josetxo Goia-Ariberen txanda izango da, Los pendientes de la reina lana aurkeztuko duena. Azkenik, Karelean taldearen emanaldiarekin emango zaio amaiera zikloari; musika elektronikoa, poesia, ukitu flamenkoak eta arabiarrak eta rocka uztartuko dituzte.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta