2008/05/09
2008. urteko Italiako Giroa, urtean zehar egiten diren proba handien artean lehena, larunbata honetan hasiko da eta ikusmin handiarekin hasi ere, azkenean, antolatzaileek Astana taldeari parte hartzen utzi baitzioten. Talde honen parte hartzeak, Giroaren maila igotzeko balioko du, orain arte txirrindulari italiarren eremua izan dena, Alberto Contadorrek apurtu dezake.
eitb24.com-ek, lasterketa italiarraren jarraipen berezia egingo du. Etapa guztiak jarraituko ditugu zuzenean eta minutuz-minutu. Horrez gain, kronikak, adierazpenak, sailkapenak, etapa profilak eta gertakari guztiak 2008ko Italiako Giroaren webgune berezian jarraitu ahalko duzue.
Giroan parte hartuko duten 13 txirrindulari euskaldunei jarraipen berezia egingo diegu. Euskaltel-Euskadi taldeko bederatzi txirrindulariak buruan direla, bertan egongo da euskal ordezkaritza. Koldo Fernadez de Larrea eta Ińigo Landaluze dira talde laranjak garaipen bat lortzeko dituen aukera nagusiak. Arabarrak, etapa garaipen bat lortu nahi du ohikoak diren 'volatta' horietan eta bizkaitarrak edozein erako etapetan (lauak, mendikoak...) protagonista izan nahi du.
Euskal ordezkaritzak edukiko duen txirrindulari indartsuena, Juanma Garate izango da. Esperientziadun txirrindularia da eta sailkapen nagusian postu on bat lortzea du helburu irundarrak. Palermoko irteeran faltan botako dugun txirrindularia, Patxi Vila izango da. Berako txirrindulariak ez du Giroan parte hartuko testosterona maila altuak eman baitzuen kontrol baten.
Palermon hasiko da Giroa taldekako erlojupeko batekin eta Astanaren parte hartzearekin batera, faboritoen zerrenda handitu egin da, nahiz eta Contadorrek, 2007ko Tourreko irabazleak, ez duen bere burua faboritotzat jotzen.
Alberto Contadorrez gain, beste talde buru batzuk ere Palermoko irteeran egongo dira. Besteak beste, Andreas Klöden alemaniarra eta Levi Leipheimer estatu batuarra. Hori guztia kontutan hartuta, Giroan, 2007. urteko hiru proba handietako garaileak egongo direla ere esan daiteke. Han izango dira: Di Luca, Giroko azken irabazlea, Contador, iazko Tourreko garailea eta Menchov, 2007ko Espainiako Itzuliko irabazlea.
Printzipioz, Klöden da 'italiar armadari' aurre egiteko hobekien kokatuta dagoena. Alemaniarra, ongi moldatzen da erlojupekoan, baita mendiko etapetan ere eta Giroaren egitura Contadorri baino hobeto doakio alemaniarrari.
Izan ere, antolatzaileek, lau erlojupekoz osatutako itzulia egituratu dute. Hasierako etapan taldekako erlojupekoa egongo da, banakako bi ere egongo dira, (10. etapa -39,4 kilometrokoa- eta azkena -28,5 kilometrokoa-). Gainera, Plan de Coroneseko (12,9 km) krono-igoera ere korrituko da, adituen arabera beldurgarria dena.
Leipheimer ere ezin dezakegu ahaztu, Georgiako Tourra korritzetik baitator eta erlojupekoan nahiz igoeretan ongi moldatzen da. Bruyneelen beste aukeretako bat da.
Italiar armada
Hala eta guztiz, italiarrak dira faborito nagusiak, Damiano Counego (Lampre) izan ezik, beste guztiek Giroa prestatzen pasatzen baitute denboraldi osoa, lasterketa italiarra, Frantziako Tourraren gainetik jarriz.
Danilo Di Luca (LPR), iazko txapelduna da faborito nagusia eta garaipena lortzeko italiarrek daukaten aukera onena. Gainera, bere taldean Paolo Savoldelli dago eta honek, Giroa irabazi zuen 2002. eta 2005. urteetan. Azken urteko txapeldunak bi aldiz jarraian irabazi nahi du Giroa, Indurainen garaipenetatik (1992. eta 1993. urteak) orain arte gertatu ez den zerbait.
Di Lucaren aurkari nagusia, 2001ean eta 2003an Giroko garaile eta zazpi aldiz 'podiumean' egona den Gilberto Simoni (Diquigiovanni) izan daiteke. Saunnier Duvaleko Ricardo Ricco gaztea ere kontutan eduki beharko da.
Izar gehiago ere egongo dira Italiako Giroan. Adibidez: Paolo Bettini (Quick Step) munduko txapelduna, Klasikak ederki ematen zaizkion Davide Rebellin (Gerolsteiner), eta esprintetan ikuskizuna emango duten Robbie McEwen (Silence-Lotto) eta Erik Zabel (Milram) ere han izango dira. Pettachiren baja, ordea, oso garrantzitsua izango da.
2008ko Giroak, 3.430 kilometroko ibilbidea aurkezten du eta maiatzak 19ko lehen atseden egunaren ondoren hasiko da benetako lehia bakarkako lehen erlojupekoarekin eta goian bukatuko diren Val di Fiemmeko eta Marmoladako etapekin. Erabakigarria izango da baita, Plan de Coroneseko krono-igoera. Azkenerako, Pora mendatean bukatuko den etapa, 19. izango da, Gavia eta Mortirolo (20. etapa) eta azken erlojupekoa geratuko dira.
Italiako Giroari buruzko informazio guztia, gure webgune berezian izango duzue.