LEHEN KASUA GIPUZKOAN

Martutenen sartu dute gizon bat 6 aldiz gida-baimenik gabe harrapatu ostean

2008/05/09

Atzo, 13:15 aldera harrapatu zuten azken aldiz, Errenterian, furgoneta bat gidatzen ari zela. Bederatzi hilabetera arteko kartzela-zigorra jaso dezake eta epaiketa izan bitartean kartzelan egon beharko du.

Gida-baimena erretiratuta zuen gizon bat atxilotu zuen atzo Ertzaintzak Errenterian, eta aurretik ere bost aldiz arrazoi berberagatik atxilotu zutela ikusi ondoren, kartzelan sartu dute.

Zigor-kodearen erreforma indarrean sartu zenetik Gipuzkoan horrelako delitu bategatik kartzelaratzen duten lehen pertsona da.

13:15 aldera, Errenteriako Galtzaraborda kaletik Nissan Vanette furgoneta bat gidatzen harrapatu zuen Ertzaintzak. Gida-baimena kenduta zuen eta aurrekari ugari: beste bost aldiz atxilotua izan zen gida-baimenik gabe gidatzeagatik eta hainbat salaketa zituen trafikoaren segurtasuna arriskuan jartzeagatik.

Egin duenagatik bederatzi hilabetera arteko kartzela-zigorra jaso dezake eta normalean bi urtera iristen ez diren zigorretan kartzelaratzea derrigorrezkoa ez den arren, kasua aztertu duen epaileak neurri hori aplikatzea erabaki du, aurrekariak ikusita, berriz ere gauza bera egin dezakeela pentsatu baitu.

Horregatik, epaiketa izan bitartean Martuteneko espetxean egon beharko du gizonak.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta