2008/05/09
Zinemaldiak aurtengo edizioaren programazioa aurreratu du, eta Oscar Marinék burututako kartela aurkeztu dute. Bere 56. edizioa irailaren 18tik 27ra izango da.
Mikel Olaziregi jaialdiaren zuzendariak adierazi duenez, Mario Monicelli omenduko dute, "Italiako zineko maisuetako bat eta komedia klasikoaren erreferentzia nagusia", atzera begirako klasikoan.
Jaialdiaren zuzendariaren arabera, I soliti ignoti (Big Deal on Madonna Street), (1958), The Great War (1959) edo Vogliamo i colonnelli (1973) bezalako filmeen egilea Donostian izango da. "100 filme inguru egin ditu, bere horretan jarraitzen du eta orain dela bi urte bere azkenengo filmea egin zuen, Le rose del deserto. Bizitasunez beteriko pertsona da, eta bere lanetan nabari da", Olaziregiren ustez.
Atzera begira tematikoari dagokionean, Japoniako zine beltza izango dute hizpide. Olaziregiren arabera, "maisuak ezagutzen diren arren" (Akira Kurosawa, Shoei Imamura edo Yasuzo Masumura kasu), "Japoniako zine beltzeko filme asko ez dira ezagutzen oraindik. Japonian ikusten dira bakarrik eta Mendebaldean oso ezezagunak dira". Horregaitik, "aspaldiko desioa" omen zen Kurosawaren Stray Dog edo Masahiro Shinodaren Pete Flower ekartzea. Aipatu duenez, atzera begirakoak polizia generoaren tendentzia berriek ere kabida izango dute, Takeshi Kitano kasu, Violent Cop bezalako filmeen zuzendaria.
Jaialdiko zuzendariak hirugarren atzera begirakoa egongo dela aurreratu du, baina "hurrengo asteetan emango da jakitera", aukeratutako zuzendaria Zinemaldian egon ahal izango dela "ziurtatzen" denean.
Atal ofiziala
Atal ofizialean parte hartuko duten filmeei dagokionean, Olaziregik azaldu du aukeraketarekin "hasi" direla, eta "arrasto asko jarraitzen" ari direla. Halere, "Canneseko jaialdiaren aurretik hastea" oso zaila dela aitortu du, "interesgarria dirudien eta begiak dituen" filme oro bertan amaitzen baitu.