2008/05/09
ANVk gutxiengoarekin gobernatzen duen udaletan egunotan eztabaidatzen ari diren "mozio etikoak" deritzotenen testua onartu du gaur goizean Eusko Legebiltzarraren osoko bilkuran. Testu horrek alkatetza horiek "demokraziarentzako berreskuratzeko" aipamen esplizitua barneratu du.
EAJk, PSE-EEk, PPk eta EBk eman diote babesa testuari; EA eta Aralar abstenitu egin dira puntuetako batzuetan. EHAK-k ez du esku hartu eztabaidarik egin gabe burutu dituzten bozketetan.
Jeltzaleak eta sozialistak ANVk gobernatzen duen udaletan aurkeztutako "mozio etikoekiko" desberdintasun bakarra lehen puntuan alderdi horri egiten zaion aipamenean datza.
EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako mozioak ondoren etorriko diren zentsura mozioen "aurrerapen" gisa planteatzen dituzte. Legebiltzarraren babesak izaera moral eta politikoa du, izan ere, mozioak udal bakoitzak onartu edo atzera botatzen ditu.
"Oinarrizko eskubideak" defendatzen eta "ekintza terroristak" gaitzesten ez dituzten zinegotzien dimisioa aldarrikatzen du testuak. Dimititu ezean, gainerako alderdiei zentsura mozioak aurkezteko harremanak abiatzeko eskatzen die gainerako alderdiei. EAk puntu hori ukatu du. Aralarrek ere ez du bat egin dimisio eskaerarekin eta zentsura mozioarekin.
Alderdi Popularraren eskutik heldu da eztabaida Legebiltzarrera.