2008/05/09
Mallorcako porrot mingarriaren ostean Osasuna lanera itzuli da, eta egoera zailean dauden arren, baikortasun mezua helarazi nahi dute jokalariek. Juanfranek, esaterako, Lehen Mailan jarraitzeko aukera askorekin ikusten du Osasuna oraindik: "Igandean salbazioa dugu jokoan, eta baikor izan beharra dugu. Jokalari guztion buruetan mezu bera dago, oraindik oso bizirik gaudela, eta Lehen Mailan jarraitzeko aukera asko ditugula", adierazi du Osasunako erdilariak.
Juanfranek badaki asteburu honetan bertan matematikoki mailari eusteko aukera txiki bat ere badutela, baina garrantzitsuena Murtziari irabaztea da bere ustez: "Beste aurkarien emaitzei ere begiratu beharko diegu, baina gure partida irabazi ostean begiratu behar zaie besteei. Igandean bertan salbatzeko aukera txiki bat badaukagu Recreativok berdindu eta Valladolidek galtzen badu, eta orain arte izan dugun zorte txar guztia ikusita, azken jardunaldi hauetan zortea alde izango dugula uste dut nik", adierazi du eskuin hegaleko gorritxoak.
Gainera, Murtziaren aurka galdu arren ere azken jardunaldira bizirik iritsi badaitezke ere, Juanfranen ustez, "Murtziari irabazteko gai ez bagara, ez dugu Lehen Mailan jarraitzerik merezi".