2008/05/09
Myanmarreko Batzorde Militarrak herrialdeak laguntza eta larrialdietarako materiala nahi duela iragarri du, baina Nargis zikloiak kaltetutako milioi eta erdi pertsonari laguntza hori emateko laguntzailerik ez duela behar gaineratu du.
Izan ere, ostegunean, larrialdietarako materiala zekarren hegazkin batean zetorren erreskate talde bati ez ziotela herrialdean sarzen utzi adierazi du Myanmarreko Kanpo Arazoetako Ministerioak komunikatu batean
Jeneralen erregimenak ez du argi utzi dagoeneko Myanmarretik kanporatu dituzten, baina hori gertatu da Yangonera bezperan heldutako NBEko lau ordezkariekin, behintzat.
Eskualderik kaltetuenetan gosea haserre bizi bihurtzen hasia da eta, dagoeneko, lehen liskarrak eta borrokak piztu dira nazioarteko laguntza dela eta, oinarrizko elikagaien salneurriek espekulazioagatik eta gora doan eskariagatik gora egin dutelako
Hain preziatua den laguntza hori asteazkenean heltzen hasi zen, pixkanaka, Irrawaddyko, Peguko eta Yangoneko eskualdeetara, eta Karen eta Mon Estatuetara. Azken horietan salbuespen egoera mantentzen dute, zikloiak gutxienez 23.000 hildako eta 42.000 desagertu utzi dituelako, datu ofizialen arabera.
NBEk, bestalde, 1,5 milioi birmaniarren egoeragatik kezkatuta eta atsekabetuta dagoela adierazi du eta, tragedia hain handia dela ikusita, Ban Ki-moon idazkari nagusiak maiatzak 10eko erreferenduma atzeratu dezala eskatu dio Batzorde Militarrari.
Batzorde Militarraren konstituzio proiektuaren erreferenduma
Nargisek hainbeste astindu ez dituen Myanmarreko eskualdeetan Batzorde Militarraren konstituzio proiektua erreferendumean bozkatuko dute larunbat honetan. Batzorde horrek ez die jaramonik egin tragediagatik erreferendum hori atzeratzea eskatu diotenei.
Eregimenak duela hiru egun iragarri zuen maiatzaren 24ra arteko atzerapen bat Yangonen eta Irrawaddy ibaiko deltan. Nargis zikloiak gehien kaltetu dituen tokiak dira horiek.
Oposizio demokratikoak arrakastarik gabe eskatu zuen Gobernuak hitzordua herrialde osoan atzeratzea. Bitartean, Batzorde Militarraren propaganda sistemak hondamendia noraino iritsi den ezkutatzen jarraitzen die herritarrei.