2008/05/09
Juan Jose Ibarretxe lehendakariak akordio politikoa lortzeko "proposamen irekia" igorri dio Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteari, bart Radio Euskadiko "Ganbara" saioan egindako elkarrizketan aurreratu duenez.
Maiatzaren 20an bi buruzagiek egingo duten bilera horretarako oinarria izango da proposamena, hain zuzen ere.
Ibarretxek azaldu duenez, biek akordioa lortuko balute, ondoren Eusko Legebiltzarrak oniritzia eman beharko lioke, eta gero herritarrek urriaren 25eko kontsultan.
Gizarteak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea
Lehendakariak Zapaterori bidali dion proposamena bost orrikoa da eta lau ataletan banatuta dago.
Lehenbiziko bi ataletan, bi konpromiso aurreikusten ditu testuak: batetik, indarkeriaren behin-betiko amaiera elkarrizketatua lortzeko konpromisoa ("printzipio etikoa" deiturikoa), eta bestetik, euskal gizarteak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidearen aldeko konpromisoa ("printzipio demokratikoa" bezala ezaguna).
Hirugarren atalean, berriz, akordiorako oinarriak zehazten ditu Ibarretxek.
Hori horrela, batetik Euskal Herriaren nortasun nazionala aitortuko luke akordioak, zazpi herrialdez osatutako nazio bezala.
Bestetik, Estatuko erakundeei konpromisoa eskatu die, "euskal gizarteak demokratikoki hartutako erabakiak" errespetatzeko.
Erabakiak betiere indarkeriarik gabeko giroan hartuko lirateke, eta unean uneko legedia errespetatuz. Dena dela, legedi hori etorkizunean aldatzeko atea zabalik uzten du.
Halaber, "proiektu politiko guztiak" gauzagarri izatea bermatu behar dela dio agiriak.
EAEren eta Nafarroaren arteko organo bateratua
Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroaren artean erakunde exekutibo eta legegile bateratua sortzea ere jasotzen du testuak, "legediaren arabera".
Alderdi guztiek, bazterketarik gabe, akordioa lortzen badute, "2010 urtea amaitu baino lehen" egingo lukete erreferenduma.
Azkenik, akordioak euskararen ofizialtasuna aitortuko luke Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan, gaztelaniarekin batera.
Funtsean, Loiolako agirietan oinarritutako proposamena da, kasu batzuetan hitzez hitz, gainera.