2008/05/08
Jakina zen legez, Nafarroako Euskararen Legea aldatzeko proposamenak ez du Parlamentuko gehiengo osoaren babesa izan gaur bozketan. Proposamenak eremu mistoa zabaltzea zuen helburu, hain zuzen, Aranguren, Noain, Berian eta Galar eremuan sartzea. Baina Txentxo Jimenez NaBaiko parlamentaria oporretan dagoenez, boto bat gutxiago izan du proposamenak eta ez du aurrera egiterik izan.
Izan ere, Euskararen Legeak Parlamentuko gehiengo osoaren babesa behar du, 50 bototik 26. NaBaik, PSNk eta NEBk 26 eserleku dituzte, baina koalizio abertzaleko parlamentariaren botoa kenduta, aldeko 25 boto eta kontrako 24 (UPN eta CDN) izan dira.
NaBaik barkamena eskatu du
Maiorga Ramirez NaBairen Parlamentuko bozeramaileak adierazi duenez, "min" egiten die egoerak eta barkamena eskatu die euskararen alde lan egiten dutenei, "akatsa" dela eta.
Hala ere, NEBk berehala erregistratu du berriro proposamena, datozen hilabeteetan berriro bozkatua izan dadin.
Ion Errok (NEB) azaldu duenez, Iruñerrian euskara "normalizatzea" da asmoa. Gainera, UPN-CDNren Gobernuak 2006an egindako ikerketa batek agertzen duenez, Aranguren, Noain, Beriain eta Galarreko biztanleen %71,1k eremu mistora batu nahi zutela azpimarratu du Errok.
Carlos Garcia Adanero UPNren bozeramaileak, aldiz, esan du 2006ko ikerketak, ez beste batek, ez duela alderdiak hizkuntza politikaren inguruan duen jarrera aldatuko. Nafarren %42 ordezkatzen duen alderdia direla goraipatu du Garcia Adanerok eta Euskararen Legea aldatzeko kontsentsu handiagoa exijitu du.