2008/05/08
Goizeko lan saioan ikusi denagatik Juanma Lillok erabakita du Cadizen aurka Carranzan aritzeko hamaikakoa. Larrea, Elustondo eta Delibasic dira berritasunak; Garitano (txartelengatik zigortua), Aranburu (min hartuta) eta Gari Urangaren ordez ariko dira. Ondorengo jokalariak ariko dira hasieratik:
Riesgo; Gerardo, Labaka, Mikel Gonzalez, Castillo; Larrea, Marti, Elustondo; Diaz de Cerio, Delibasic, Nacho.
Larrearen kasua da deigarriena. Otsailaren 10ean jokatu zuen azkenekoz, eta titular gisa, abenduaren 17an, Granada 74 taldearen aurka. Berragertzeko dituen aukerekin "ilusioz gainezka" dagoela onartu du, nahiz eta oraindik ez jakin jokatuko ote duen. "Denok nahi izaten dugu jokatzea, baina ez jokatzearena ondo daramat, orain denontzat garrantzitsuena igoera lortzea delako". Cadizen aurkako partida dela eta, "polita" izango dela uste du. "Eurek mailari eusteko garaipena behar dute, eta guk, berriz, mailaz igotzeko behar dugu garaipena".
Marti, bere aldetik, atzo ez zen entrenatu baina gaur dagoeneko normaltasun osoz aritu da. "Ondo nago, jokatzeko prest" esan du. Irabazi beharraz ere mintzatu da. "Sportingek larunbatean egiten duena egiten duela, igandean Cadiz mendean hartzea derrigortuta gaude".