2008/05/08
Bilbao Basketek orain daukan seigarren postua mantenduko du AXA Bartzelonari irabazten badio ostiralean Bizkaia Arenan, edo blaugranen aurka galdu eta Akasvayuk berdin egiten badu bere partidan. Vidorretarenak zazpigarren izango dira partida galdu eta Gironak Fuenlabradaren aurka irabazten baldin badu.
iurbentiaren entrenatzaileak, Txus Vidorretak, partida "itxia" aurreikusten du. "Seigarren postuan mantendu eta beste garaipen bat lortu nahi dugu, esan zuen bilbotarren entrenatzaileak. "Ilusioa" egiten dio ere, punturik gutxien hartu duen taldea eta errebote gehien lortu dituena izatea, eta momentuz, lider dira bi sailkapen estatistiko horietan.
Vidorretak, sasoiaren azken txanpa honetan taldeak daukan "dinamika irabazlea" txalotu zuen. Azken sei partidetatik bost irabazi ditu Bilboko taldeak.
Ostiraleko partidaren aurretik, Indautxukoak argi dauka bere taldeak ezin diola "korrika egiten utzi" Bartzelonari, "fisikoak berebiziko garrantzia edukiko" duen norgehiagokan.
Play-offean gerta daitekenaren gainean, Vidorretak "faborito" jarri zuen Bartzelona, beraren kontra jokatzea egokituko balitz. "Kantxa faktorea alde dute eta partida bakarra galdu dute aurten Palau Blaugranan", gaineratu zuen.
Vidorreta, bestalde, oso pozik agertu zen Marcelino Huertas antolatzailerik onena aukeratua izan delako. "Klubarentzat eta jokalariarentzat poz handia izan da. Marcelo oso jokalari garrantzitsua da Bilbao Basketentzat, eta Bilbao Basket ere, oso garrantzitsua izan da Marcelok eman duena emateko", adierazi zuen prestatzaileak.