ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN

Lopez de Gereņuk 2013an jarri du AHT amaitzeko "arrazoizko muga"

2008/05/08

AHTren aurkako "gutxieneko talde txiki bat" dagoela azaldu du, eta "oztopoak jartzen" eta "zarata egiten" jarraituko dutela, baina ez dituztela eraikitze-lanak geldituko.

Nuria Lopez de Gereņu Garraio eta Herri Lan sailburuak azaldu duenez, 2013 Abiadura Handiko Trenaren lanak amaitzeko "zentzuzko data bat izaten jarraitzen du", eta 'Euskal Y' delakoaren "aurka dagoen talde txiki" batek "oztopoak jartzen" eta "zarata dezente egiten" jarraituko du, baina ez du tren-azpiegitura gelditzea lortuko.

Euskadi Irratian izandako elkarrizketa batetan, Lopez de Gereņuk gogoratu du Eusko Jaurlaritzak orain dela hilabete hasi zituela Gipuzkoako tarteko (Ordizia eta Itsasondon, zehazki) lanak, eta "udarako" "nahiko aurreratuta egongo dira, inguruan egiten ari dena ikusteko moduan", gehitu du.

Garraio sailburuaren arabera, hiru hiriburuen artean errepide bidezko 47.000 desplazamendu daude, eta Abiadura Handiko Trenak "beste garraio-sistema bat erabiltzeko benetako aukera" eskainiko du. Gainera, bere kalkuluen arabera, 'Euskal Y'ak "1.100 kamioi baino gehiago EAEko errepideetatik kentzea ahalbidetuko du. Modu berean, AHTk, "gainontzeko trenbide-sistemarekin" batera, merkantzia-garraioan lagunduko duela azaldu du.

Bestalde, Lopez de Gereņuk azaldu du AHTren eraikitze-lanak ingurumenean eragina izango duela "ukaezina" dela, baina Eusko Jaurlaritzak "alkate batzuekin batera", inpaktua "ahalik eta txikiena" izatea lortuko du. "Koska zera da: guztiok al gaude inpaktu hau gutxitzeko prest? Inoiz ez dugu ukatu inpaktua egongo dela, baina gauza bat argi dago: kalte gutxien egiten saiatu behar gara eta ingurumenari egin ahal diogun erasorik bortitzena ezer ez egitea da, gaur egun indarrean dagoen garraio-sistema mantenduz, errepidean oinarrituta. Hori da ingurumenari egin ahal diogun kalterik handiena", azaldu du.

Albiste hau promozionatu:

Š eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta