2008/05/07
Caparrosek berritasun ugari jarri zituen berdegunean hasieratik. Denboraldian zehar ia ezer jokatu ez duten Luis Prieto eta Cuellar hasieratik aritu ziren. David Lopez Susaetaren ordez hasi zen, eta Aduriz izan zen Llorenteren kidea aurrealdean.
Hasierako apustu horrekin ez zuen Caparrosek asmatu. Zuri-gorriak zelaira tentsiorik gabe irten ziren, eta Murtziak aukera garbiak sortzeko aprobetxatu zuen. Horietako batean Ivan Alonsok gola sartu eta murtziarren joko hobearen saria jaso zuen.
Golak Athletic esnarazi zuen. Estrategia jokaldien bitartez zuri-gorriak gol aukerak sortzen hasi ziren. Eta area barruan sartutako baloi baten ondoren Llorentek norgehiagoka berdindu zuen, Adurizen pasea aprobetxatuz. Banakoarekin atsedenaldira heldu ziren bi taldeak.
Murtziak etsi zuen eta partidari uko egin zion. Indarrik gabe, Javier Clementeren jokalariek baloia Athletici oparitu zioten. Hala ere, Caparrosenek ez ziren gol aukera garbiak sortzeko gai. Partidak gehiagorako emango ez zuela zirudien.
Estrategia jokaldi batek soilik alde zezakeen markagailua eta horretan Athletic hobeto aritu zen. 81. minutuan Gabilondok partida erabaki zuen sarera bidaliz Aritz Adurizek utzitako baloia.
Emaitza honekin, Athletic Intertoto txapelketara sailkatzeko lehian jarraitzen du eta azken bi jardunaldietan hiru puntura dagoen Deportivo harrapatu beharko du.
Horrela bizi izan dugu partida eitb24.com-en.
Fitxa teknikoa:
1. Real Murtzia: Carini; De Coz, Ochoa, Marañon (Iban Cuadrado, 46'), Paco Peña; Richi, De Lucas, Goitom (Baiano, 67'), Aquino; Íñigo (Abel, 63') eta Ivan Alonso.
2. Athletic: Armando; Iraola, Luis Prieto, Amorebieta, Del Horno; Gurpegi, Javi Martínez (Yeste, 46i), Cuellar (Gabilondo, 62'), David Lopez (Garmendia, 69'); Aduriz eta Fernando Llorente.
Golak:
1-0. 18': Ivan Alonso.
1-1. 30': Fernando Llorente.
1-2. 82': Gabilondo.
eitb24-ko Athleticen blogean zure iritzia eman.