2008/05/07
PPren eta PSE-EEren talde-parlamentarioek Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Giza Eskubideen Hezkuntza Plana itzultzeko egin zuten proposamena errefusatu du Legebiltzarrak gaur.
Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeak apirilaren 2an eztabaidatu zuen Justizia Sailak egindako Plana. PPk eta PSE-EEk bi ebazpen-proposamen aurkeztu zituzten Plana Eusko Jaurlaritzari itzultzea eskatuz.
Sozialista eta popularrak batu egin ziren aurkeztutako ekimenak aurrera atera zitezen. Hala ere, berdindu egin zuten hirukoaren eta Aralarren kontrako botoekin. Hori dela eta, Batzordeak bozketa errepikatu du eta berdinketa bera gertatu ostean, Plana itzultzeko proposamenak bertan behera geratu dira. EHAK-k ez du bozketan parte hartu.
EAJk eta Aralarrek Ino Galparsoro Arrasateko alkatearen kontra PSE-EEk proposatu zuen zentsura-mozioa ez babesteko hartu zuen erabakia izan zen Alderdi Sozialistak Bake Hezkuntza Planaren itzulera eskatzeko arrazoi nagusia.
Gobernu Batzordeak iragan abenduan onartutako Planaren aurrekontua 6,5 milioi eurokoa da. Datozen lau urteetan 90 ekimen zehatz bultzatzeko erabiliko dute dirua terrorismoa eta beste indarkeria mota batzuk, "tortura, xenofobia, eskolako indarkeria eta emakumeen kontrako erasoak", deslegitimatzea helburu.
Aralarren proposamenak
Bestalde, Aralarrek testu horren inguruan egindako hiru proposamen ere bozkatu dituzte Batzordean. Aralarrek bake hezkuntza pertsona helduei ere helaraztea nahi du. Hala ere, bozketa berdinketan geratu da eta hurrengo batean egingo dute berriro bozketa.