2008/05/07
Ana Agirre Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak CIC energiGUNE Ikerketa Kooperatiboaren Zentro berria aurkeztu du asteazken honetan. Zentroaren ikerkuntza lanen ardatza energia alternatibo berriak dira.
Miñanoko Parke Teknologikoan egindako prentsaurreko batean aurkeztu du Agirrek proiektu hori, Jesus Maria Goiri zentroko zuzendari nagusia izango denarekin batera.
CIC energiGUNE martxan jartzeko 2010era arte 30 milioi euro aurreikusi dituzte. Helburua Euskadi Europa mailako erreferente bihurtzea eta energiaren euskal sektorearen lehiakortasuna hobetzea da.
Agirrek esan duenez, gakoa diren arlo teknologikoetan lan egingo dute zentro horretan, hala nola, bioerregaietan, erregai piletan, tenperatura altuko eguzki teknologietan eta itsasoko teknologia ezberdinetan, olatuak aprobetxatzera zuzendutakoak bereziki.
Jesus Maria Goiri zuzendari nagusi bihurtu aurretik esperientzia handia izan du energiaren sektorean. Izan ere EVEko burua izan zen legealdi bitan, eta Bizkaiko Badietako energia proiektuaren babesle garrantzitsuenetarikoa.