2008/05/07
Juan Jose Ibarretxe lehendakariak gutuna igorri dio Jose Luis Rodriguez Zapaterori. Joan duen urrian "elkarbizitzarako akordio politiko berri bat lortzeko negoziazioak ofizialki hasteko eskaintza zintzoa" egin ziola gogorarazi dio Ibarretxek Espainiako Gobernuko presidenteari. Balizko hitzarmen hori aurtengo saioak amaitu baino lehen Legebiltzarrean berretsi beharko litzatekeela ere azpimarratu du.
EiTBk eskutitz horren berri izan du. Bertan, Ibarretxek Zapaterori agertu dio "orduz geroztik denbora igaro dela" eta "ez dutela bilerarik zehaztu".
Ibarretxe ziur azaldu da "Espainiako Gobernuko presidentearen eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren arteko akordioa posible dela". Horren harira, Zapaterori esan dio ez duela etsiko, bere ustez, "bilerarik ezak" ezin duelako zapuztu "konponbide bideak planteatzeko aukera".
Hori dela eta, "balizko itun politikoa lortzeko proposamen irekia" helarazi nahi diola agertu dio. Proposamena "aurrez aurre" egitea nahiago izango lukeela agertu dio, ordea, "egoki deritzozunean zure proposamenekin batera eztabaidatzeko", esan dio.