2008/05/07
Frantziako Estatuko Asanblea Nazionalean hizkuntza gutxituen inguruko eztabaida izango dute gaur. Gai hori aurretik ere jorratu badute ere, eguneko gaien artean dagoen lehenengo aldia da.
Euskal Konfederazioak, euskeraren aldeko elkarteak biltzen dituen federazioak, uste du Frantziako Estatuko hizkuntzei buruzko debatea "gure hizkuntzen aldeko neurri legislatiboak hartzera eramango duen prozesu baten lehenengo etapa" izan beharko litzatekeela.
Unescok esanda, 2008. urtea Hizkuntzen Nazioarteko Urtea dela kontuan izanda eta Frantziak Europar Batasuneko presidentzia hartuko duelarik, "Frantziako Estatuan dauden hizkuntza gutxituen alde neurriak hartzeko momentu egokiena da. Izan ere, hala egin dute Europar Batasuneko estatu kide ia guztiek hizkuntza gutxituen alorrean".
Manifestua, "Frantziako Hizkuntza Gutxituen estatutu legal baten alde"
Asanblea Nazionalean hizkuntzen inguruan eztabaidatuko dutela ikusita, Frantziako Estatuan dauden hizkuntza gutxituen aldeko mugimendu eta elkarteek plataforma bat osatu eta iragan apirilaren 21ean aurkeztutako manifestua idatzi zuten.
Plataformako kideen aldarrikapenak bildu dituzte "Frantziako Hizkuntza Gutxituen estatutu baten alde" egindako agirian.
Idazkiaren egileek salatzen dutenez, Frantziako Estatuak "denbora gehiegi darama frantsesa ez diren eta Estatuaren eremuan dauden hizkuntza desberdinentzat negatiboa den hizkuntza-politikarekin". Izan ere, Sarkozyren Gobernuak ez du onartu nahi Europako hizkuntza gutxituen gutuna (1992). Estatuko hizkuntza gutxitu guztiek estatus legala izatea nahi dute manifestua sinatu dutenek.
"Frantziako eskubideetan barneratuko litzatekeen dispositibo legislatibo bat aldarrikatzen dugu, borondatezkoa eta eraginkorra izango den hizkuntza-politikarekin lagunduta, lortu beharreko helburuak finkatuz eta horiek eskuratzeko giza eta diru baliabideekin".
Manifestu horretaz gain, Nicolas Sarkozy Frantziako Gobernuaren presidenteari ere eskutitza bidali zioten Asanblea Nazionalean egingo zuten eztabaidaren harira.
Manifestua idatzi duen plataforma Frantziako Estatuan dauden hizkuntza gutxituen aldeko mugimendu eta elkarteek osatu dute: Anem Oc (Okzitania), Conseil Culturel de Bretagne (Bretainia), Culture et Bilinguisme d'Alsace et de Moselle (Alsazia), La Federacio (Katalunia), Lofis, Tikouti, Association des Enseignants certifies de Creole (La Reunion irla), Parlemu Corsu (Corsica) y Euskal Konfederazioa. Lehenengo aldiz bildu dira plataforma bakar batean.