AHO BATEZ

Guggenheimeko Patronatua Museoaren eta lan-taldearen alde agertu da

2008/05/06

Fundazioak Museoaren finantza zuzendariak ustez egindako irregulartasunak eztabaidatu ditu, eta elkartasuna erakutsi dio Juan Ignacio Vidarte zuzendariari.

Gaur izan duen ohiz kanpoko bileran Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Patronatuak Edukitzailearen eta Higiezinenaren kontuetan aurkitutako finantza eta kontabilitate irregulartasunen inguruko kontuak aztertu eta eztabaidatu ditu, erakunde horrek informatu duenez.

Jarduera hasi zuenetik Fundazioaren urteroko kontuak kanpoko kontu-ikuskariek berrikusi dituztela eta Patronatuaren esku jarri izan direla gogorarazi du Museoak.

Gainera, Administrazioaren eta Museoaren 34 enpresa babesleen ordezkariek osatzen duten Fundazioaren Patronatuak sozietate Edukitzailearen eta Higiezinenaren kontuetan aurkitutako irregulartasunen berri zehatza izan duela eta irregulartasun horiek ez dutela ez Fundazioan ez ondarean inolako eraginik izan adierazi du.

Horri dagokionez, Fundazioaren Babesleek Zuzendari Nagusiari gertatutakoa kudeatzeko moduagatik, gardentasunez eta bizkor, eta honelako gertaerak berriz jazo ez daitezen hartu dituen neurriengatik esker ona erakutsi diote.

Irregulartasunak bakarkako jarduera baten emaitza izan ziren

Patronatuak esan duenez, aurkitutako irregulartasunak bakarkako jarduera baten emaitza izan dira eta horrek ez luke Guggenheim Bilbao Museoak hamar urtetan garatutako lana lohitu behar.

Ondorioz, Fundazioaren Patronatuak, Guggenheim Bilbao Museoaren ordezkari goren bezala duen zeregina beteta, publikoki adierazi du Erakundeari eta Bilduma eta eraikina kudeatzen dituzten bi sozietate publikoak eta museo-jardueraz arduratzen den sozietate pribatu bat barne hartzen dituen egitura eragileari babes osoa eskaintzen diela.

Era berean, Museoaren Zuzendari Nagusiarenganako eta lan-taldearenganako babesa berriz erakutsi du.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta