MOBILIZAZIOAK BILBON

EHNEk manifestazioa egingo du ekoizleek gutxi kobratzen dutela salatzeko

2008/05/06

Nekazaritza sindikatuaren ustez, "krisi larria" dute sektorean, banatzaile handiek "izugarrizko irabaziak" lortzeko, oso gutxi ordaintzen dietelako.
Mikel Kormenzana EHNE sindikatuaren Bizkaiko presidentea gaurko agerraldian. Argazkia: EFE

argazkia handitu

Mikel Kormenzana EHNE sindikatuaren Bizkaiko presidentea gaurko agerraldian. Argazkia: EFE

EHNE nekazaritzaren euskal sindikatuak manifestazioa egingo du datorren ostiralean sektorean bizi duten "krisi larria" salatzeko. Sindikatuaren ustez, krisi horren eragilea ekoizleen "prezioen beherakada nabarmena" da. Gainera, hori banatzaile handiei "ikaragarrizko irabaziak" emateko neurria besterik ez dela izan uste dute.

Mikel Kormenzana sindikatuaren Bizkaiko presidenteak azaldu duenez, ekoizpenaren kostuak garestiagoak dira orain pentsuaren eta gasolioaren garestitzea dela eta. Dena den, ekoizleen produktuak, pentsuarekin eta gasolioarekin batera igo beharrean, jaitsi egi direla gaineratu du.

"Euskal ustiapenak dirua galtzen ari dira", deitoratu du gaur Kormenzanak. Era berean, ohartarazi du egoera horrek bere horretan jarraitzen badu "atzeraezin" bilakatuko dela eta nekazari eta abeltzainek ezingo diotela buelta eman.

Nekazaritzan eta abeltzaintzan bizi duten krisia, sindikalista horren arabera, Europar Batasunak, Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren babesarekin, bultzatutako nekazal-politikaren desregularizazio eta liberalizazioaren ondorio da.

Etengabeko desregularizazio horrek jatorrizko produktuen merkatzea ekarri du, baina azken kontsumitzaileak ordainduko duen prezioa ez da aldatu, Kormenzanaren esanetan. Salatu duenez, banatzaile handien kateak dira egoeraren aurrean etekin gehien eskuratzen dutenak.

"Europan sartu eta politika horiek hartzen hasi ginenetik, Euskal Herriko esne-ustiapenak 12.000tik 900era jaitsi dira. Zenbat denbora iraungo dugu?", galdetu du Kormenzanak.

Hori dena dela eta, EHNEk manifestazioa egingo du ostiralean Bilbon beste elkarte batzuekin batera EBri nekazal-politika alda dezan exijitzeko.

Maiatzaren 20an amaituko dira Europa osoan egingo diren mobilizaziok, EBk 2013tik aurrera izango duen nekazal-politika eztabaidatzen hasiko denean.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta