2008/05/06
Patxi Lopez PSE-EEren idazkari nagusia izendatu dute bigarren aldiz lehendakari izateko hautagai datorren hauteskunde autonomikoetarako. Lopez "hauteskundeak irabazteko moduan" agertu da eta Juan Jose Ibarretxe lehendakaria gogor kritikatu du "Zapaterok ez duela deitzen esateko eta bere ibilbide orria goraipatzeko bakarrik" agertzen dela salatuz.
"Ez du aipatu ere egin zer iruditu zaizkion Jose Luis Bilbao alderdikidearen adierazpenak, kontsulta ezbaian jarriz eta hirukoaren formula amaitutzat emanda", azaldu du.
Lopezek Bilboko Euskalduna Jauregian egin ditu adierazpen horiek, Batzorde Nazionalak PSE-EEren hauteskunde autonomikoetarako hautagai izendatu ostean.
Alderdikideen "babesa eta konfiantza" eskertu ondoren, Alderdi Sozialistaren hautagai izatea "ohore handia" dela adierazi du, are gehiago "egoera politiko berezi honetan".
"Lehen aldiz, denok egin dugun lanari esker eta, batez ere, euskal herritar askoren aldetik aldaketa politikoa zuzentzeko jaso dugun babesari esker, hauteskunde autonomikoak irabazteko eta luzaroan izan dugun alternantziaren ametsa errealitate bihurtzeko moduan gaude", azpimarratu du.