EBAZPENA

Gorenak baieztatu egin du Valtierrako hilketen egileen kontrako zigorra

2008/05/06

Francisco Javier Peraltari eta Juan Carlos Sanchezi droga-trafiko operazio batean bi lagun hil izana leporatzen diete. Hori dela eta, 28 eta 51 urteko kartzela-zigorrei egin beharko diete aurre.

Auzitegi Gorenak baieztatu egin ditu Francisco Javier Peraltaren eta Juan Carlos Sanchezen kontrako 28 eta 51 urteko kartzela-zigorrak Valtierran, 2002an, droga-trafiko operazio batean bi gazte hil zituztela leporatuta.

Hala iragarri du Auzitegi Gorenak gaur publiko egin duten sententzian. Gainera, hilketa horietan nahasita zeuden lau lagun absolbitu egin dituzte, lapurreta eta droga-trafiko salaketak frogatu ez dituztelako.

Hasiera batean, Nafarroako Auztegiak 43 urteko espetxe-zigorra ezarri zion Peraltari hilketaren egilekide izatea leporatuta. Sanchezi, berriz, 51 urte eta 8 hileko zigorra ezarri zioten, 2002ko azaroaren 27an Valtierran gertatutako hilketa bikoitzaren harira.

Gero, 2007an, Peraltari 43 urtetik 28ra jaitsi zioten zigorra hilketetako baten egilea zelako, ez biena.

Valtierrako kobazuloetan

Kondenatuak, bi gazteen laguntzarekin eta "tiro egiteko prest zeuden bi pistolekin", Valtierrako leize batera joan ziren biktimekin biltzera. Azken horiek ere bi lagunekin joan ziren droga saldu behar zieten horietaz fidatzen ez zirelako.

Han, Peraltak "bete-betean" egin zion tiro Pablo Castillejori eta bertan hil zuen. Sanchezek, aldiz, Luis Perezi egin zion tiro birritan, kalean. Perez herriko taberna batera iritsi zen zaurituta eta bertakoei jakinarazi zien "Zaragozakoak" izan zirela.

Lau, aske

Bestalde, Gorenak onartu egin du droga-trafikoa leporatuta zigortu zituztenen helegiteak, ez delako frogatu "gertakarietan parte-hartze zuzena" izan zutela.

Nafarroako Auzitegiak horietako biren kontra frogatutzat eman zuena "hipotesia" dela eta ez "errealitatea" azaldu du Gorenak.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta