AHO BATEZ

Arabako Batzar Nagusiek ANV desegitea adostu dute

2008/05/06

Lau ordezkariak Talde Mistora igaro beharko dira. Garzonek auto batean kautelazko neurri gisa ANVren jarduerak etetea agindu ostean heldu da erabakia.

Arabako Batzar Nagusien Mahaiak erakunde horretan ANV taldea desegitea erabaki du aho batez, Juan Antonio Zarate (PP) Ganberako presidenteak informatu duenez.

Euskal Batzar Nagusietan ANVk Araban bakarrik du ordezkaritza talde gisa, eta lau batzarkide ditu han.

Bizkaian ordezkari bakarra du eta Gipuzkoan bat ere ez, hautagaitzak ilegalizatu baitzizkioten.

ANV deseginda talde horren lau ordezkariak EBk eta Aralarrek osatutako Talde Mistora igaro beharko dira.

Berriro ordainduko diete talde gisa jasotzen zuten dirua

Neurri honekin Arabako batzarkideek talde gisa jasotzen zuten dirua eta bilkuretara eta batzordeetara joateagatik zeuzkaten dietak berreskuratuko dituzte, Zaratek azaldu duenez. Diru-sarrera horiek blokeatuta zituzten.

ANV desegiteko erabakia aho batez hartu du Mahaiak. PPk batzarkide bi ditu Mahai horretan, PSEk 1, EAJk 1 eta EBk 1, Zarateren hitzetan.

Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak ANVren jardueren gainean kautelazko etendura ezarri ostean heldu da Arabako Batzar Nagusien erabakia.

Autoa jaso ostean, Arabako Batzar nagusiek ANVk jasotzen zituen kopuruak blokeatu zituzten, eta orain taldea desegitea adostu dute.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta