2008/05/06
Bost lagun atxilotu ditu Ertzaintzak Ezkerraldean, Bizkaian, 'kale borrokaren' aurkako operazioaren baitan, Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Atxiloketak Barakaldon egin dituzte.
Auzitegi Nazionalarekin koordinatuta egindako operazioak zabalik dirau eta hainbat miaketa egin dituzte. Ezkerraldean azken hilabeteetan gertatutako 'kale borroka' ekintza "guztiak" atxilotuok egin dituztela deritzote, besteak beste, "alderdi politikoen egoitzen, autobusen eta tren geltokien aurka" egindakoak, Herriziango Sailaren iturrien arabera.
Gainera, miaketen lehen emaitzek Barakaldon atxilotuak kale borrokarekin lotuta zeudela baieztatu dute, Herrizaingo Sailak informatu duenez.
Konfiskatutako gauzen artean atxilotuetako batzuk ustez Lutxanako tren geltokiaren aurka egindako erasoarekin zuzenean lotuko lituzkeen froga materialak daude.
Halaber, etxean egindako lehergailuak egiteko materiala, txanoak, Segiren propaganda, ETAren anagramak, errodamenduetarako tiragomak eta abar ere atzeman du Ertzaintzak.
Horrez gain, idatzizko dokumentazioa eta informatikoa ere aurkitu dute eta Ertzaintzako adituak aztertzen ari dira.
Gaztetxe bat itxi dute. Hainbat miaketa
Goizeko lehen orduan Barakaldoko Errekatxu kaleko 5 zenbakian kokatutako gaztetxe bat itxi dute ertzainek.
07:30 aldera iritsi dira zenbait furgonetatan, kaleko jantzitako zenbait ertzainek lagunduta. Sarrerako beirazko atea apurtu ondoren, lokala itxi dute eta miaketa egiten aritu dira.
Barakaldoko Bizkaia kalean ere miaketak egin ditu Ertzaintzak. Bestalde, Santa Teresa auzoko Apuko kalean ere hainbat ertzain ibili dira.
Sendoa Jurado, Mikel Petuia, Unai Frias, Hector Franco eta Gorka Serna dira atxilotuak, Askatasunak jakinarazi duenez. 22 eta 30 urte artean dituzte denek. Euren etxeak miatzen ibili dira ertzainak.
Iturri beren arabera, guztiak goizeko lehen orduan atxilotu ditu Ertzaintzak. Sendoa Juradori dagokionez, 07:00ak aldera atxilotu dute, lanera joateko etxetik atera denean.
Albiste agentzien arabera, Ertzaintzak hainbat ordenagailu eta disko gogor atera ditu atxilotuen etxeetatik.
Askatasunaren esanetan, abokatuei agertu dietenez, atxilotuei ez diete ezarri inkomunikazioa.
Askatasunaren salaketa
Askatasunak bere ustez Ertzaintzak burutzen duen "paper errepresiboa" salatu du. Horrez gain, talde honen esanetan, EAJk "ez du inolako arazorik salbuespeneko entzutegi honekin –Auzitegi Nazionalari aipamen eginez - eskuz esku lanean aritzeko, euskal herritarrak bere esku utziz espetxeratu eta espainiar kartzeletan sakabanatu ditzan".