2008/05/05
Angel Acebesek agiri baten bidez Mariano Rajoyri jakinarazi dioenez, Alderdi Popularraren XVI. Biltzar Nazionalaren ostean (Valentzian, ekainaren 20tik 22ra) idazkari nagusi izateari utziko dio.
Duela lau urte Mariano Rajoyk berarengan jarri zuen konfiantza eskertu du Acebesek.
Alderdi Popularreko "militanteek, jarraitzaileek eta hautetsiek egindako lana eta erakutsitako leialtasuna" ere goraipatu ditu. "Guztiok batera espainiarren interes nagusiak defendatu ditugu, askotan, egoera zailetan", eransten du testuan.
PPren "printzipio etikoak eta politikoak" jarraitzeko konpromisoa berretsi du eta edonon dagoela ere alderdi horren alde lan egingo duela agindu du.
Erabaki horrekin Eduardo Zaplanaren bidea hartu du Angel Acebesek; izan ere, Zaplanak politika aldi baterako utzi du orain gutxi, Telefonicako ordezkari izateko Europan.