2008/05/04
Milaka lagunek salatu dute Arrasaten (Gipuzkoa), Inocencia Galparsoro (ANV-EAE) alkatearen kartzelaratzea. Galparsoro asteazkenean atxilotu zuten, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak ETAri babesa ematea leporatuta.
'Salbuespen egoerari stop. Euskal Herriak autodeterminazioa' lelopean manifestazioan parte hartu dutenek EAJren eta PSOEren aurka egin dute.
Udaletxetik eskegita zegoen pankarta erraldoi batek egin die harrera Arrasateko manifestaldira joan diren milaka herritarrei. Aurrealdean, herriko plazan zabaldu duten pankartan bi mezu: Salbuespen egoerarekin amaitzea eskatuz, bata eta bestea, autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko.
Manifestazioaren buruan ezker abertzalearen taldeetako aurpegi ezagunak izan dira: besteak beste, Arrasaten egon dira Arantxa Urkaregi, Santi Kiroga, Iñaki Olalde eta Nekane Erauskin. Baita Arrasateko alkate ohia eta egungo ANV-EAEko zinegotziak baita ere bertan izan dira.
PSOEren eta EAJren aurkako oihuak Garzon epaileak espetxeratu zuen Ino Galparsororen askatasuna eskatzeko deitu da manifestazioa. Ibilbidean askatasun eskakizunak, EAJren eta PSOEren kontrako oihuekin nahastu dira.
Isaias Carrasco zinegotzi sozialista ohia hil zuten tokitik gertu pasa dira manifestariak. Ordu bete luze behar izan dute martxa amaitzeko. Berriro plaza nagusira bueltatuta, EAJri egotzi diote Arrasateko alkatea kartzelaratu izanaren ardura.
"Uste baldin badu ezker abertzalearekin amaitu dezakeela Zapatero oker dabil", gaineratu du Arantxa Urkaregi bozeramaileak protestaren amaieran. Ertzainik ez izan manifestazioan zehar, baina bukaeran agertu dira.