2008/05/01
Mundu guztiko herrialdeetan Maiatzaren Lehena, Langilearen Eguna, ospatu dute ekitaldi ezberdinekin. Alemanian eta Turkian liskarrak eta atxiloketak izan dira.
Alemania
Hamburgen, manifestarien eta Poliziaren arteko liskarrak gertatu dira. Milaka gaztek neonazien manifestazioen aurka egin dute. Neonazien manifestazio horiek gaurko deituta egotea "probokaziotzat" jo dute sindikatuek.
Aurreko gauean ere liskarrak izan dira hiri horretan. Poliziak borrak eta ur kanoiak erabili ditu ezkerreko manifestarien aurka.
Turkia
Istanbulen ere ospakizunak Poliziaren aurkako liskarretan bukatu dira. Gainera zauritu ugari izan dira eta gutxienez 505 lagun atxilotu dituzte.
Langile Publikoen Sindikatuen Konfederazioak (KESK) emandako datuen arabera, atxilotuak 900era heldu daitezke, sindikalista ugari barne.
Kuba
Uniformez jantzita eta hitzaldirik eman gabe, Raul Castro jenerala, Kubako Estatu Burua, Iraultzaren Habanako Plazan Langilearen Eguna dela eta beti egin ohi den desfilean izan da, ehunka mila lagunekin batera.
Hitzaldia eman duen bakarra Salvador Valdes sindikatu bakarreko ordezkaria izan da. Valdesek Fidel Castro presidente ohiak "ezarritako bidea jarraitzearen" alde berba egin du, "sozialismo gero eta bidezkoago eta eraginkorrago baterantz".
Venezuela
Venezuelan, Hugo Chavez presidentearen Gobernuak %30eko igoera iragarri du gutxieneko soldata nazionalean. Neurria gaurtik aurrera egongo da indarrean, Langilearen Eguna dela eta, iturri ofizialek informatu dutenez.
Hala ere, Venezuelako oposizioko sindikatuetako hainbat kide neurri horren aurka agertu dira. Ronald Gorgi Venezuelako Langileen Konfederazioko idazkari exekutiboak esan du "aldebakarreko erabakia" izan dela, eta ez dituela "inola ere ez itxaropenak asetzen".