'EUSKARA 21'

Euskararen inguruan gogoeta egiteko ekimena bultzatu du Eusko Jaurlaritzak

2008/04/29

Euskararen egoera zein den jakin arren, eremu askotan zergatik ez den erabiltzen eta antzeko galderak argitzen ahaleginduko da 40 lagunek osatzen duten batzordea.
Patxi Batzarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. Argazkia: EiTB

argazkia handitu

Patxi Batzarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. Argazkia: EiTB

Euskararen inguruan egin beharreko gogoeta hasi dute gaur Donostian: XXI. mendeari begira hizkuntzaren erabileraren inguruko gogoeta, hain zuzen ere. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Idazkaritzak bultzatu du ekimena.

Gogoeta ahalik eta zabalena izatea da helburu, bai partehartzaileei zein jorratzen diren alorrei dagokionez. Hala, Patxi Batzarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea buru dela, erakunde publiko, hezkuntza, kultura, komunikabide, enpresa, alderdi politiko, sindikatu, euskalgintza, gizarte elkarte eta ekonomia arloko 40 lagunek osatzen dute batzordea; eta funtzionamendua erraztu eta arintze aldera zazpi lagunez osatutako batzorde iraunkorra eratu du.

Partaidetzarako tresna bat da 'Euskara 21', guztion ekarpenekin XXI. mende hasierako hizkuntz politikaren oinarriak finkatzeko aukera emango duena, "erronka berriek parte hartzeari eta adostasunari begirako dinamika berriak eskatzen baitituzte", Baztarrikak aurkezpenean adierazi duen bezala.

Eztabaida horretarako propio eratu den taldeaz gain, gizarte osoak parte har dezan nahi dute.

Euskararen egoera zein den , zergatik jakin arren, eremu askotan ez den erabiltzen eta antzeko galderak argitzen ahaleginduko dira. Horretaz aparte, gizartean euskararen aldeko jarrera sozial eta politikoa ahalbidetzeko formulak bilatzeari ere ekingo diote.

Taldearen eginkizuna ez da aurreko 25 urteetan egindakoa aztertzea, etorkizunerako oinarriak jartzea baizik,ikuspegi ireki batetik.

Euskararen azterketa horretarako hartu duten eremua EAEra mugatu dute eta abendurako emaitzak izatea espero dute .

Web gunea

Eztabaida gizarte osora zabaltze aldera sarean ere web gunea ipini da, besteak beste, oinarrizko txostena kontsultatu, blogaren bitartez gogoetan parte hartu eta gogoetaren inguruko berriak jarraitu ahal izango da.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta