2008/04/29
Enaitz Iriondo gaztearen heriotza argitzeko aurretiko diligentziak berriz zabaltzeko eskatu dio Juan Calparsoro Haroko (Errioxa) fiskal nagusiak 1 zenbakiko Instrukziozko Epaitegiari. Iriondo 2004an hil zen auto batek harrapatuta, Errioxan.
Calparsorok prentsaurrekoan jakinarazi duenez, auzia bide penaletik irekitzeko eskaera egin duen idazkian Tomas Delgadok, Iriondo gaztea harrapatu zuen gizonak, inputatu gisa deklaratzeko eskaera egin du.
Istripua gertatu eta hiru urteren ondoren, Delgadok 20.000 euroko kalte-ordaina eskatu zien hildako gaztearen gurasoei istripuan Audi A-8 bere autoak pairatutako kalteengatik.
Fiskal nagusiak Radio Euskadin agertu duenez, eskaera hori auzia berriz irekitzeko nahikoa proba badaudela deritzolako egin du. Horretarako, Poliziaren eta adituen txosten berriak hartu ditu kontutan.
Calparsororen esanetan, txosten horien arabera, Delgado hasierako txostenetan agertutakoa baino azkarrago zihoan, izan ere, agertu duenez, orduko 140 eta 160 kilometrora zihoan, 90eko muga zuen errepideko tartean.
Horrez gain, Calparsororen arabera, Delgadok orain arte ez du deklaratu gai honen inguruan epailearen aurrean eta garrantzitsua deritzo.
Txostenen arabera, autoak Enaitzen bizikletaren atzeko gurpila jo zuenean gaztea ez zen Stop batetik ateratzen ari, Guardia Zibilaren hasierako txostenak agertu bezala; zirkulazioan ari omen zen.
Marta Iciar Fernandez epaileari auzia berriz zabaltzeko nahikoa datu badirela iritzi dio fiskalak.