2008/04/27
Alejandro Valverdek (Caisse d'Epargne) bere kirol ibilbideko bigarren Liege-Bastogne-Liege lortu zuen azken kilometroan jotako eraso batekin. Esprint luzeak atzean utzi zituen Davide Rebellin (Gerolsteiner) eta Frank Schleck (CSC) iheskideak.
2006an irabazle eta 2007an bigarren, Valverde helburu garbiarekin irten zen: 94. saioa betetzen zuen 261 kilometroko klasika hau irabaztea.
Jardunaldiko ihesaldirik luzeena Markus Fothen (Gerolsteiner), Tom Stubbe (Française des Jeux), Pierre Rolland (Crédit Agricole), Pavel Brutt (Tinkoff) eta David Kopp (Collstrop) txirrindulariek osatu zuten. 11:30eko errenta lortu zuten 50. kilometroan baina handik aurrera High Road, Silence-Lotto, Caisse d'Epargne eta Lampre taldeak, besteak beste, tropelean lanean hasi ziren.
Helmugarako 130 kilometroren faltan, Euskaltel-Euskadiko Egoi Martinezek lasterketa utzi behar izan zuen erorketa baten ondoren.
Caisse d'Epargnek erritmo bizia jarri zuen tropelean eta helmugarako 38 kilometroren falta iheskideen errenta bi minutura jaitsi zuen. Valverdek aukerekin ekin zion lasterketako zati erabakigarrienean.
25 kilometro falta ziren eta bi gain. Faboritoak kementsu aritu ziren azken 20etan. Valverde eta Cunego adi-adi ibili ziren, txirrindularien artean mugimendurik ote zen.
Helmugarako 10 kilometrora Schleck anaiek –Andyk eta Franckek-, Rebellinek eta Valverdek 31 segunduko errenta zuten.
Andyk aurreneko erasoa jo zuen San Nicolás igoeran, baina iheskideek harrapatu eta atzean utzi zuten. Valverdek azken kilometrora arte itxaron zuen eta esprint luze eta gogor baten bitartez proba erabakita laga zuen.