2008/04/24
Carlos Gurpegik zama ikaragarria kendu du gainetik. Gaurtik futbolari sentitzen da berriz. "Egun polita eta garrantzitsua da. Amaitu da. Zama handia kendu dut gainetik", adierazi du Gurpegik.
Andosillako jokalariak esker oneko hitzak izan ditu gurutzebidean lagun izan dituen guztientzat. Halaber, gogor kritikatu zutenak ere gogoratu ditu. "Antonio Reina atleta, Espainiako Atletismoko Federazioko presidente Odriozola eta Tito Irazustari min emango die ni zelaian ikusteak".
Argitu beharreko guztiak argitu ondoren, aurrera begiratzea gura du erdilari zuri-gorriak. "Ametsetan ehun aldiz baino gehiagotan sartu dut gola Bernabeun", esan du. Hala ere, ez daki nola erantzungo duen. Luzaroan egon da jokatu ezinda. "Fisikoki ez dakit nola erantzungo dudan. Gorputzak aski da esan arte egongo naiz berdegunean".
Ustaritzek min hartu du
Gurpegik igandetik zekien hasieratik jokatuko duela Bernabeun. Hasiera batean euskarrian aritzekoa zen, baina Ustaritzen lesioak –ezker izterrean hartu du min- Gurpegiren postua atzeratzera behartu lezake Caparros. Murillo eta Garmendia dira Ustaritzek utzitako lekua betetzeko hautagai nagusiak.