2008/04/23
Carlos Gurpegik ametsgaiztoari amaiera emango dio asteazkenean duela sei urte hasi zen auziaren azken hatsa emanda. Dopaje kasu bategatik zigorra jaso zuen eta bi urtez futbol zelaietatik at egon da.
2002ko irailaren 1ean hasi ziren gauzak okertzen Carlos Gurpegirentzat, ustekabean. Andosillakoak Anoetan jokatu zuen Realaren kontra, eta baita bi gol sartu ere. Bere bosgarren partida zen Lehenengo Mailan. Nahiz eta taldeak galdu, ez zen izan egun txarra berarentzat, baina amesgaiztoa une horretan hasi zen.
Hiru hilabete geroago jakin ahal izan zen bezala, Andosillakoak positibo eman zuen dopajearen kontrako kontrol batean. Atzemandako produktua nandrolona zen, beste kirolari batzuri arazoak sortu zien produktu bera. Guztiek zigorra jaso zuten, baina ez ziren denbora asko egon zelaietatik at. Gurpegik, ordea, bi urteko zigorra bete behar izan du.
Nafarrak berehala jaso zuen klubaren babesa eta klubak berak kontratua luzatu zion, eta Gurpegi 2012ra arte egongo da talde zuri-gorrian.
Garaiko osasun zerbitzuen arduradunaren, Sabino Padillaren babespean, jokalariaren errugabetasuna agerian uzteko saiakera antzuari ekin zion jokalariak.
Sei urte eta gero, eta bi urteko zigorra oso-osorik beteta, Gurpegiren ametsgaiztoa amaierara heldu da. Eta gertatutakoa ez dezan inork ahaztu, eta jokalariaren errugabetasunean oraindik ere sinisten dutela agerian uzteko, Andosillakoa berdegunera itzuliko da zigorraren osteko lehendabiziko partidan.
Santiago Bernabeun izango da, eta hasieratik arituko da. Oihartzun handia izango du Gurpegiren itzulerak. Ez da, beraz, plaza txarra auziaren amaierak oihartzun handiagoa har dezan, eta aurrerantzean, oroimenean jarrai dezan.
Eman zure iritzia gai honi buruz. Idatz ezazu zure artikulua edo beste zaleen artikulua komentatu. Bidal itzazu zure argazkiak eta bideoak. Hau guztia Athleticen blogean.