EPAIKETA AUZITEGI NAZIONALEAN

Defentsari uko egin diote auzipetuek, "epaia idatzita" dagoela argudiatuta

2008/04/21

27 auzipetuek beren abokatuen galderei baino ez diete erantzun, eta Amnistiaren Aldeko Batzordeetako kideak direla aitortu dute. Astelehenean egingo dute epaiketaren bigarren saioa.
Juan Mari Olano epaiketan deklaratzen. Argazkia: EFE

argazkia handitu

Juan Mari Olano epaiketan deklaratzen. Argazkia: EFE

Amnistiaren Aldeko Batzordeen aurkako prozesuan auzipetuta dauden 27 pertsonek uko egin diote beren burua defendatzeari gaur Auzitegi Nazionalean hasi den epaiketan, epaia "jada idatzita" dagoela uste baitute.

Hori horrela, auzipetuek uko egin diote Carlos Bautista fiskalaren eta herri akusazioaren (AVT) galderei erantzuteari, eta euren abokatuei baino ez diete erantzun.

Epaiketa 10:20an hasi da, eta Juan Mari Olano Amnistiaren Aldeko Batzordeen bozeramaile ohia izan da deklaratzen lehena. Auzitegi Nazionala "inpartzialtasunetik milaka kilometrora" dagoela salatu du Olanok.

"Gure aurkako epaia jada idatzita dago, instrukzioa helburu politikoarekin egin dutelako", kritikatu du bozeramaile ohiak. Halaber, ez duela "inolako justiziarik" espero eta "jazarpen neurriek" gatazka "elikatu" baino ez dutela egiten salatu du.

AABetako kideak direla aitortu dute

Olanoren ostean gainerako auzipetuek deklaratu dute, eta Amnistiaren Aldeko Batzordeetako kideak direla eta horregatik "harro" daudela aitortu dute. Izan ere, erakunde horretan presoen "apartheid" egoeraren aurka borrokatu direla azaldu dute.

Julen Zelarainek eta Aitor Jugok esan dute Euskal Herria ez dela aske, eta Zelarainek gaineratu du "euskal preso politikoei" ezartzen zaien kartzela-politikak "giza sufrimendua" duela oinarri.

Jon Imanol Beaskoak GALen aurrean "ezer ez egitea" egotzi dio EAJri.

Askatasuneko kideak azkenak izan dira deklaratzen. Espainiako eta Frantziako Estatuek ez dutela "jazarpenarekin" ezer lortuko nabarmendu dute.

Horren ildotik, Iñaki Loizagak adierazi du auzitegiak ezin duela haien militantzia epaitu.

Hurrengo saioa, astelehenean

Bere burua defendatzeari uko eginda, eskatutako froga guztiak alboratzeko eskatu dute auzipetuek. 200 lekuko baino gehiago deituta zituzten arren, baina azkenean 20 bat baino ez dituzte eskatuko.

Astelehenean egingo dute epaiketaren bigarren saioa. Egun horretan, Fiskaltzak eta AVTk eskatutako lekukoek deklaratuko dute.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta