'PLAYA DE BAKIO'-REN BAHIKETA

Bermeoko itsasontzi bat bahitu dute Somalian

2008/04/21

Pirata batzuek Playa de Bakio izeneko atun-ontziari eraso egin zioten Somaliako kostaldetik 250 miliara arrantzan zebilela. Bost euskal herritar, zortzi galiziar eta Afrikako 13 pertsonak osatzen dute tripulazioa.
Bermeoko arrantza-ontzia Somaliako uretan bahitu dute. Argazkia: EiTB

argazkia handitu

Bermeoko arrantza-ontzia Somaliako uretan bahitu dute. Argazkia: EiTB

Bermeoko arrantza-ontzi bat bahitu zuten atzo Somaliako uretan. Pirata batzuek Playa de Bakio izeneko atun-ontziari eraso egin zioten Somaliako kostaldetik 250 miliara arrantzan zebilela, iturri diplomatikoek Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailari emandako informazioaren arabera.

Egoitza Bermeon du ontzi honek eta bost euskal herritar, zortzi galiziar eta Afrikako jatorriko 13 pertsonak osatzen dute tripulazioa.

Espainiako Gobernua, Jaurlaritza eta Galiziako Gobernua ari dira ontzia askatzeko bitartekari lanetan.

Dirudienez, itsasontziaren kontrola hartu dute lau erasotzaile armatuk granada-jaurtigailu batekin tiro egin ostean. Inor ez da zauritu.

Ontziko kapitainak berak ere agertu du Radio Nacional irratian ondo daudela.

"Ondo gaude, ez dago arazorik", esan du ontziko kapitainak. Bestalde, bahitzaileek euren buruzagiarekin hitz egin behar zutela agertu du, instrukzioak eskatzeko.

"Dirua baino ez" dute nahi

RNEn bahitzaileetako batek ingeles txarrean esan du Somaliako milizia bat direla eta bahituen truk dirua baino ez dutela nahi gaineratu. "No problem, this is money" (ez dago arazorik, diru kontua da hau), esan du behin eta berriz euretako batek arrantzaleak onik daudela azaldu ondoren.

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Saila berehala jarri da lanean Espainiako Atzerri Ministerioarekin batera egoera ahalik eta azkarren konpontzeko.

Itsasontziak "kalteak" izan ditu erasoan baina "gobernatu daiteke", Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailak azaldu duenez.

Azken informazioen arabera, ontzia portura bidean jarri dute piratek gaueko lehen orduetan.

Ez da antzeko zerbait gertatzen den lehen aldia, beraz, sarritan eskatu diote euskal taldeek Espainiako Gobernuari mota honetako ontzientzako eskolta militarra.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta