EUSKO JAURLARITZAREN INKESTA

Etxebizitza eta langabezia dira euskal gazteriaren kezka nagusiak

2008/04/18

Gazteentzako etxebizitza eta lan merkatua dira EAEko arazo nagusiak. Hamarretik zazpik, berriz, uste du, tolerantzia gehiegi dagoela, eta gaizkileek zigor gogorragoak jaso beharko lituzketela.

Eusko Jaurlaritzak gaur kaleratu ditu euskal gazteen iritziak ezagutzeko egiten dituen inkestaren emaitzak.

Inkesta honen emaitzak 2007. urtean EAEn egindako ikerketa soziologiko baten ondorioa dira. 2007ko balorazioaz galdetu ezkero, gehiengoak uste du egoera ekonomikoa eta soziala "onak" direla, eta egoera politikoa, ostera, nabarmen okertu dela aurreko urtearekin alderatuta.

2006an %52k uste zuen egoera politikoa ona zela, eta 2007an, berriz, potzentai hori %23ra jaitsi da. Une honetan, %67ak egoera txarto edo oso txarto ikusten du, eta beste %10ek ez daki eta, beraz, ez du erantzuten.

Hala ere, Euskal Autonomi Erkidegoko arazo nagusiak zeintzuk diren galdetzerakoan, lehenengo arazo bezala etxebizitza aipatzen dute (%66), bigarren lekuan lana dago (%48), eta horren ondoren baina nahiko atzerago terrorismoa eta bake falta (%34).

%23k EAEko egoera politikoa eta euskal gatazaka aipatu ditu, eta beste %11k inmigrazioa.

Giza arazoen inguruan, %90 homosexualen ezkontza Europa osoan onartzearen alde agertu da, eta %84k begi onez ikusten du bikoteok seme-alabak adoptatzeko eskubidea izatea. Beste %76k uste du, aisialdiak lanak baino garrantzi handiagoa izan beharko lukeela.

Bestalde, hamar gaztetik zazpik uste du tolerantzia lar dagoela, eta gaizkileak gogorrago zigortu beharko lituzketela.

Modu honetan, gazteen %62k uste du etorkinek EAEri lagundu egiten diotela, eta %62k uste du porroak erretzea Europa osoan legezkoa izan beharko litzatekeela.

Europar Batasunaz galdetzerakoan, inkestari erantzun dioten erdiak uste du EBeko kide izatea ona dela EAErentzat, eta gazteen erdiak ia, irudi baikorra du.

Ikerketak gazteriak sindikatuen inguruan duen iritzia zein den jakin du, eta %87k uste du emakumeak berdintasuna lortzeko eta arrazakeriaren aurkako kanpainetan gehiago murgildu behar direla.

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta