ATHLETIC CLUB

Susaetak ez daki nagusiekin edo Athletic Brekin jokatu beharko duen

2008/04/17

Eibartarrak bigarren taldearekin jokatu zuen joan den jardunaldian. Athleticek ohorezko pasabidea egingo dio Valentziari.
Susaetak Athletic Brekin joka dezake larunbatean eta Lehen Taldearekin igandean. Argazkia: EFE

argazkia handitu

Susaetak Athletic Brekin joka dezake larunbatean eta Lehen Taldearekin igandean. Argazkia: EFE

Athleticek lehenbailehen ahaztu gura du Deportivoren aurka jokatutako partida. Horretarako biderik zuzenena hurrengo partida irabaztea da. Zuri-gorriek Espainiako Kopako txapelduna izango dute bisitari. Horregatik, Athleticek pasilloa egingo dio Koemanek zuzentzen duen taldeari neurketa hasi aurretik.

Markel Susaetak ez daki ekitaldi horretan parte hartzeko aukerarik izango duen edo ez. Lehen taldeko jokalaririk onenetarikoak Athletic Brekin jokatu zuen joan den jardunaldian. Kike Liñerok zuzentzen duen taldea zulotik ateratzen laguntzeko eskatu zioten. Bada, asteon ere ez daki Sestaoren aurka edo Valentziaren kontra jokatu beharko duen.

"Ez didate ezer esan. Ni Athleticeko jokalaria naiz. Beraz, esaten didatena egingo dut. Gustura jokatuko dut Athletic Brekin ere. Hori bai, ni ez naiz salbatzailea", adierazi du eskuin hegalekoak.

Fernando Llorentek badaki zein talderekin jokatuko duen. Errioxarra hasieratik arituko da Valentziaren aurka. Seguruenik Etxeberria izango du ondoan. Taldeko golegile nagusiak ez dauka azken jardunaldietan lasaitzeko asmorik. "Gurentzat ez da nahikoa mailari eustea. Intertotoa jokatzeko txartela eskuratzeko aukerak agortu arte lanean jarraitu behar dugu", esan du Llorentek.

Horretarako garrantzitsuak izango dire bere golak. Azken jardunaldietan ez da asmatzen ari. Hala ere, lasai dago. "Ez da komeni kezkatzea. Golak gutxien espero direnean etortzen dira. Lanean jarraitu behar dut".

Albiste hau promozionatu:

© eitb24 - 2007
Eskubide guztiak erreserbatuta